Los 40 Summer Live jaialdia izango da abuztuaren 6an

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 28a, 14:37
Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia, Cadena Ser-eko Olga Grande eta Zurekineko Martin ArgiƱano nahiz Igor Azpitarte, Los 40 Summer Live aurkezpenean.

Maico, Marlon, Ana Mena, Bombai, Bromas Aparte eta Efecto Pasillok zuzenekoak eskainiko dituzte Damako agertokian, 20:30etik aurrera. Doan izango da.

Cadena Ser irrati katearen eskutik, "gaur egungo Espainiako musikari entzutetsuenak" izango dira abuztuaren 6an, Dama pareko agertokian. Zarauzko Udalak eta Zurekin ostalarien elkarteak babestuta, Los 40 Summer Live bira Zarautzera helduko da egun horretan, besteak beste, Ceutatik, Marbellatik, Motriletik, Palmatik eta Tossa de Marretik igaro ondoren. Los 40-ko David Alvarez disko jartzaileak egingo du zeremonia maisu lanak, eta sei gonbidatu izango dira.

Cadena Ser kateko ordezkari Olga Grandek eman ditu horien inguruko xehetasunak. Batetik, Palmako Maico boskotea izango da, "bere nazioarteko doinuekin". Bestetik, "90eko hamarraldiko pop rock-a" eskainiko du Asturiasko Marlon taldeak. Haiekin batera izango dira Ana Mena bakarlaria eta Bombai zein Bromas Aparte taldeak ere. Granderen arabera, lehenbizikoa "udako abesti arrakastatsuenetako baten egilea" da, bigarrengoak "doinu hawaiiarrak" eskainiko ditu eta azkenengoak, aldiz, "abesti indartsuak".

Jaialdiaren amaieran Efecto Pasillo izango da oholtza gainean. "Talde sendo eta aski ezagun" hori kontzertu formatuan ariko da; gainontzekoek bizpahiru abesti joko dituzte. Alvarezek emanaldi eta emanaldi artean zein bukaeran hainbat abesti jarriko ditu. 20:30ean emango diote hasiera jaialdiari, eta hiru ordu eta erdi inguru iraungo du. Sarrera doan izango da.

Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak nabarmendu du jaialdi "oso betea" dela eta  aurreratu du eguraldi ona aurreikusi dutela egun horretarako. Hori dela eta, zarauztarrak nahiz bisitariak bertaratzera gonbidatu ditu. Zurekineko Igor Azpitartek gogoratu du elkartearen funtsa dela sasoiz kanpo ekitaldiak antolatzen, baina aitortu du Cadena Ser-en eskaintzari ezin izan diotela ezetzi esan. "Gure helburua baita Zarautz plaza garrantzitsua izatea", dio.

Autobus zerbitzu bereziak

Los 40 Summer Live jaialdia dela eta, Lurraldebusek autobus zerbitzu berezia eskainiko du abuztuaren 6rako. Hain justu, Donostia eta Zumaia arteko ibilbiderako, "ordutegi zabalean". Donostiara itzultzeko eta laurdenero irtengo dira autobusak Zarauztik, 00:15ean hasi eta 03:15 bitartean. Zumaiara bueltatzeko, berriz, laurden gutxiro aterako dira, 01:25ean hasi eta 4:25era artean. Ikusi informazio zehatza atxikitako dokumentuan.