Hondartzaren inguruko panel informatiboak jarri dituzte malekoirako sarbideetan

Zarauzko Hitza 2017ko uzt. 28a, 18:00
Iban San Martin, paneletako batekin

Bi zati ditu panel bakoitzak: batetik, uda sasoirako informazioa eta, bestetik, negukoari buruzkoa.

Zaharkituta zeudenak kendu, eta panel berriak jarri dituzte hondartzako sarbideetan. Horietan hondartzaren inguruko informazioa jaso dute: batetik, udaldiari dagozkion gomendioekin, eta bestetik, negukoekin, zaintza ez dagoenerako argibideekin. Besteak beste, panelaren kokapena, komun publikoena, sorosle postuena eta informazio puntuena jaso dute panelotan, eta baita uraren kalitatearen egoerari buruzko xehetasunak, korronteekin kontuz ibiltzeko abisuak eta bestelako gomendioak. Halaber, Santa Barbara, biotopoa, Malla Harria zein bestelako interes puntuen kokapenak ere agertzen dira.

"Udaldiko panelak aurretik aipaturiko informazioa jasotzeaz gain, sorosleei kasu egiteko adierazpena eta banderen koloreen esanahiak jasotzen ditu", zehaztu du Iban San Martin Obra txikiak, Azpiegiturak eta Zerbitzuetako zinegotziak. Neguari dagokion aldeak, aldiz, hondartzan zaintzarik ez dagoela adierazten du, San Martinek jakinarazi duenez.

Lau hizkuntzatan daude panelak: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez.