Dagoeneko eman daiteke izena Saski Basque 3x3 txapelketan

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 2a, 16:43
Aurten, hilaren 24tik 27ra jokatuko dute Saski Basque 3x3 txapelketa.

Izena eman nahi dutenek ZASTen atarian sartu beharko dute.

Abuztuaren 24etik 27ra jokatuko dute aurten Saski Basque 3x3 txapelketa, Zarauzko Saskibaloiak eta Euskadiko Saskibaloi Federazioak elkarlanean antolatuta. Interesa dutenek dagoeneko eman dezakete izena. 7 mailatan lehiatuko dira parte hartzaileak: infantil, alebin, kadete,benjamin, junior, senior zein koadrilen arteko mailetan. Lehenbiziko egunean, hilaren 24ean, infantilak lehiatuko dira, neskak zein mutilak, goizez. Arratsaldean, berriz, junior zein kadete mailako neska-mutilen txanda izango da. Hurrengo egunean, hilaren 25ean, juniorren eta kadeteen arteko partidak izango dira arratsaldean, neska zein mutilenak.

Abuztuaren 26ko goizean, alebin zein benjamin mutilek hartuko dute parte, eta arratsaldean, aldiz, senior mailakoak, emakumezkoak zein gizonezkoak. Azken egunean, hilaren 27an, alebin eta benjamin mailako nesken partidak izango dira goizean eta, txapelketari amaiera emateko, koadrila mistoak lehiatuko dira, arratsaldez.

Izena eman nahi dutenek ZASTen atarian sartu beharko dute, eta bertan aurkituko duten inprimakia bete. Txapelketaren inguruko informazio osoa webgune berean aurki daiteke.