Zortzi lagunek burutu dute Euskara Harrera ikastaroan

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 2a, 17:26
Ikastaroko parte hartzaile batzuk Immigrazio zinegotzia zein teknikariarekin, diplomak jaso ondoren.

Atzo arratsaldean jaso zituzten diplomak parte hartzaileetako batzuk.

Aurten, Nikaragua, Venezuela, Bolivia, Mexiko, Pakistan, Maroko, Ganbia, Ekuador eta Paraguiatik etorritako 13 pertsonek hartu dute parte Euskara Harrera ikastaroan, eta horietatik 8k amaitu dute. Horietako batzuk atzo jaso zuten diploma: Juan Carlos Garcia eta Marta Susana Esparza mexikarrek, Maria Soledad Bogado paraguaiarrak eta Elena Rojas venezuelarrak, hain zuzen ere. "Eskerrik beroenak" eman zizkieten udalari, Xabier Txurruka alkateari, Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziari, Gizarte Zerbitzuetako langileei eta baita irakasleari ere, ikastaro horren bidez euskara ikasteko eman dieten aukeragatik.

Zorrozuak nabarmendu zuen "Zarautzen dugun kultur aniztasunaren isla garbia" dela ikastaroetan parte hartu duten bizilagun berrien jatorria, eta gogoratu zuen euskara ikastaro horiek bereziak direla: "Ikastaroen helburua da kanpotik datozen bizilagun berriak euskarara hurbiltzea eta, bide batez, euren herri berriko baliabide eta zerbitzuak ezagutzea. Horrela, euskara eta euskal kultura ezagutu ez ezik, herriko baliabideen berri jasotzen dute". Gaineratu du azken urteotako datuak "oso positiboak" izan direla: 2014tik 76 lagunek hartu dute parte ikastaroan eta horietatik 50ek amaitu ahal izan dute.