Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak 2017

«Penak trenbidearen beste aldean utziz»

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 4a, 09:00
Urtero legez, kontzertuek tarte berezia izango dute santaklaretan. Jende ugari bildu zuen Chimo Bayo disko jartzailearen emanaldian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Bihar, hilaren 9an, 10ean, 11n eta 12an izango dira Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak.

Uda sasoian sartu-sartuta, abuztua hastearekin  batera, hemen dira Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak. Ohi bezala, festa batzordekoek egitarau bete-betea antolatu dute, lau egunez «urteko pena eta nekeak trenbidearen beste aldean utzita, festan murgil egiteko». Abuztuaren 11, datorren ostirala, izango da Santa Klara eguna, eta horren bueltan, jai giroa nagusituko da auzoan lau egunetan: «Lau egun bere gauekin, gure gozamenerako, langile eta langabe, emakume eta gizon, heldu bezain gazte, auzotar eta kanpoko, denok nahas-mahasean aritzeko».

Giroa berotzen joateko, bihar bertan askotariko saioak izango dira Azken Portun: CXXVII. Mus Txapelketa, Ye mambo Txikis salsa taldearen erakustaldia eta auzoko taberna laguntzaileetan pintxo potea, besteak beste.

Hilaren 9an, asteartean, egingo dute festen hasierako ohiko ekitaldia: triduoa. Aurten, ordea, aldaketa batekin: ez da Santa Klarako komentuan izango. Izan ere, ekaina amaieran utzi zuten klaratarrek komentua, Oñatikora joateko, eta ordutik itxita dago eraikina.  «Azken urteetan indarra galduz joan bada ere, gure auzoan indar handia izan du Santa Klara komentuaren jardunak», azaldu dute. Zentzu horretan, batzordekideak urtero-urtero joan izan dira klaratarrengana hamairu arrautzadun dozena ematera, festetarako eguraldi ona egin zezan eskatuz. Mojek komentua utzi aurretik ere gauza bera egin zuten ekaineko azken mezan, omenaldi gisa.

Aurten, «eguraldi ona eskatzeaz gain, Oñati aldean bizitza erosoa izan dezatela opa» diete mojei, sinbolikoki. Klaratarrak joanak direnez, Aritzbataldeko Kristau Biltokian egingo dute aurten triduoa. Hurrengo egunean, abuztuaren 10ean joango dira berriz ere auzokoak bertara.  


Gauak, musikaz josita

Gainontzean ohiko ekitaldiak izango dira Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbatalde jaietan: auzo krosa, Jalgi dantza taldearen erakustaldia, haurrentzako marrazki lehiaketa, jubilatuentzat hamabitakoa, Joxe Mari Artetxeren omenezko XXVI. Txirrindularitza Kriteriuma, Zumba saioa, herri kirol jaialdia, Patxi Iruretagoienaren omenezko IV. Marmitako Lehiaketa eta auzo bazkaria, besteak beste.

Hain zuzen ere, Marmitako Txapelketan parte hartu nahi dutenek dagoeneko eman dezakete izena Isabel tabernan edo azkenportua@gmail.com helbidera idatzita. Abuztuak 8a, datorren asteartea baino lehen egin beharko da hori. Bestalde, bazkaritarako txartelak ere salgai jarri dituzte jada, taberna horretan nahiz elastikoen postuan, Urdaneta kalean.

Gauez ere gori-gorian  egongo da auzoa. Aurten iazko leku berean atonduko dute txosna nahiz kontzertuetarako oholtza: Urdaneta kaleko plazan, alegia. Iaz prestatu zuten lehenbiziko aldiz aparkaleku horretan eskenatokia, urte luzeetan Astazubi plazan jarri ondoren. Nolanahi ere, kontzertu handiak izango dira aurten ere, urtero legez: Niña Coyote eta Chico Tornado zein Tremenda Jauria taldeak hilaren 10ean, Gazteen egunean; WAS zein Shake! Soul&Rock taldeak eta MA-MA’s disko jartzaileak hilaren 11n, Santa Klara egunea; eta Sustrai Colina, Maialen Lujanbio, Andoni Egaña, Eneritz Artetxe, Iker Zubeldia eta Beñat Jauregi Fede-k eskainitako bertso jaialdia zein Gozo-gozo taldea hilaren 12an,  azkenengo egunean, Santa Klara bigarrenean.