76 erreskate burutu dituzte uda sasoia hasi denetik

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 7a, 16:16
Felix Zubiak jakinarazi du eguraldi ona egiten duen egunetan hondartzan 50.000 pertsona elkartzera iritsi daitezkeela.

Sasoi honetan Gurutze Gorriko 60 gizon eta emakume baino gehiago ari dira lanean hondartzako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Zarauzko Gurutze Gorriko presidente Felix Zubiak eskatu du "une oro" sorosleen adierazpenei kasu emateko. Denboraldi erdia igarota, sorosle zerbitzuaren balorazio "oso positiboa" egin du Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak, eta haien "lan bikaina" balioan jarri du.

Pasa den ekainaren 17an abiatu zuten hondartzako denboraldia. Bi hilabete inguruan 76 erreskate burutu dituzten Gurutze Gorriko sorosleek; zauriturik ez da izan. Pasa den uztailaren 29an, esaterako, 22 erreskate izan ziren. Erreskateak "inongo ezbeharrik gabe" egiteko sorosleen arteko koordinazioa "ezinbestekoa" dela dio Zarauzko Gurutze Gorriko presidente Felix Zubiak: “Aurreko larunbateko egoerak ematen direnean, adibidez, olatu handiak eta korronte indartsuak dauden egunetan, sorosle taldearen arteko koordinazioa ezinbestekoa da. Uneoro, uretako bi motoak itsasoan izan ziren eta, jendea bainatzeko ezarritako guneetan, bi sorosle uretan izan ziren bertatik egoera kontrolatzen: bata bandera hori eta gorriaren arteko mugan, korronteak arrisku gunera eramaten zituen pertsonei laguntzeko eta, bestea, gerriraino sartuta, bainatzen zegoen jendeari igaro behar ez zen muga zein zen adierazteko. Beste sorosle guztiak, ohi bezala, zaintza dorreetatik eta hondarretatik burutu zuten euren lana, abisuren bat egonez gero laguntzeko prest egonda”.

Zubiak gaineratu du eguraldi ona egiten duen egunetan hondartzan 50.000 pertsona elkartzera iritsi daitezkeela: “Tenperatura altuak eta itsaso txarra oso konbinazio txarra dira. Ahulenaren azalean jartzen gara beti, hau da, igeri egiten ez dakienaren edo itsasoa ondo ezagutzen ez duenaren azalean. Arau orokor bezala, bainua hartzera doan edonori gerriko altuera ez igarotzeko adierazten diogu; izan ere, altuera honetan hankekin hondarra ukitzen dugu korronteak barrura bultzatzen gaituenean”.

Horregatik, "une oro" sorosleen adierazpenei kasu emateko eskatu du Zubiak, eta, bereziki, banderek mugatutako guneak errespetatzeko: “Ohartarazpen bat egiten dugunean, edo banderak jartzen ditugunean, zerbaitegatik da. Hala, berde koloreko banderek mugatutako eremuan arriskurik ez dagoela eta bainua librea dela gogorarazi nahi nuke; bandera horiak urak ez duela gerritik gora pasa behar adierazten du eta puzgarrien erabilera debekatua dago; bandera gorriak bainua debekatzen du; eta bandera gorri-urdina, itsas kirolen praktikarako da”.

Zentzu horretan, Zarauzko Gurutze Gorriko presidenteak hondartzako erabiltzaileen lankidetza eskertu du: “Gehienek sorosleen adierazpenak errespetatzen dituzte, noizbehinka, ezjakintasunagatik, banderek mugatutako guneak errespetatzen ez dituzten pertsonak dauden arren. Gure adierazpenak jarraituz zaintza lana errazten digute eta euren segurtasuna bermatzen laguntzen digute”.

60 sorosle

Gauza bera nabarmendu du Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak, eta nabarmendu du sorosle zerbitzuak guztieon segurtasuna bermatzeko baliabide guztiak dituela nabarmendu du, hau da, bost desfibrilagailu, anbulantzia bat, osasun-materiala, bi uretako motor eta hondartza zein korronteak ezagutzen dituzten sorosle talde trebatua.

Sasoi honetan Gurutze Gorriko 60 gizon eta emakume baino gehiago ari dira lanean hondartzako erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko helburuarekin. Hondartza denboraldiko lehen erdia igarota, Zerbitzuetako zinegotziak sorosle zerbitzuaren balorazio "oso positiboa" egin du: “ Zarauzko Udaletik balioan jarri nahi dugu sorosleek egiten duten lan bikaina gure hondartzako erabiltzaile guztien segurtasuna bermatzeko. Hondartzan txurro bezala ezagutzen diren korronte indartsuak daude eta, itsasoa lasai dagoela iruditzen zaigun arren, edozein momentutan barrura eramateko arriskua dago".

Horri lotuta, Zubiak ohartarazi du estualdi egoeran "garrantzitsuena" lasaitasuna mantentzea, korrontearen aurka igeri ez egitea eta laguntza eskatzeko eskua altxatzea dela: “Zaintza dorretik segundu gutxitan antzematen dugu larrialdi egoera bat eta abisua kontrolera pasatzen dugu. Bertan, estualdian dagoen pertsonarengandik gertuen dagoen sorosleari abisua ematen diogu eta hau da erreskatea egiten duena. Hala, itsasoa oso nahasia badago, uretako motorrarekin erreskatean laguntzen dugu. Garrantzitsuena lasaitasuna mantentzea da soroslea iritsi arte”.

Erreskatea burutu ostean, sorosle taldeak erreskatatutako pertsona itsas pasealekuko sorospen puntuan artatzen du eta, beharrezkoa balitz, anbulantzia prest izaten dute osasun-zentrora edota ospitalera eramateko.