Aritz Aranburu nagusi Billabong Pro Tahiti Trials txapelketan

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 9a, 11:30
Aranburu, lehian Teahupoonen (WSL)

Txapelketa hori irabazita, Billabong Pro Tahiti proba nagusirako txartela eskuratu du. "Egi bihurtutako amets bat" dela adierazi du zarauztarrak sare sozialen bidez.

Berriz ere munduko surflari onenekin lehiatuko da Aritz Aranburu. Izan ere, atzo bertan irabazi zuen Billabong Pro Tahiti Trials atarikoa Teahupoonen, eta proba nagusirako txartela lortu zuen hala. Final aurrekoetan Koa Smith hawaiiarra menderatu ondoren, final estua jokatu zuen Nathan Edge australiarraren kontra. Baldintza txarrak ziren, baina zarauztarrak aurrea hartzea lortu zuen, gutxigatik, hala ere. Izan ere, ehuneneko gutxigatik hartu zuen aurrea: 13,43ko puntuazioa lortu zuen Aranburuk eta Edgek, berriz, 13,33koa.

Dena den, garaipen horrek Billabong Pro Tahiti proba nagusian parte hartzeko aukera eskaini dio. Ostiralean hasiko da, eta Aranburu lehenbiziko txandan lehiatuko da, John John Florence eta Zeke Lau hawaiiarren kontra. "Egi bihurtu den amets" bat dela adierazi du zarauztarrak sare sozialen bidez.