Izurriteak saihesteko kanpaina abiatu dute

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 9a, 16:00
Herriko hainbat auzotan jarri dute martxan ekimena.

Hainbat bizilagunen eskaerari erantzunez, udalak herriko kaleetan intsektuen zein karraskarien ugaltzea prebenitzeko hainbat neurri hartu ditu.

"Uda sasoian, tenperatura altuagoa denean, intsektuek, tartean, labezomorroek, ugalketa prozesua abiatzen dute. Hori dela eta, areagotu egiten da haien kopurua herriko kaleetan". Horren aurrean, izurriteez arduratzen den enpresak prebentzio kanpaina hasi du, intsektuen zein karraskarien ugaltzea ekiditeko. Hain zuzen ere, intsektizidadun gel bat bota dute lurzoruko kutxatiletako estalkietan, eta arratoien kontrako pastillak sartu dituzte horietan.

Iban San Martin Zerbitzuetako zinegotziak nabarmendu du teknika hori izurriteak kontrolatzeko "modu errazena" dela, eta ez dela "inondik inora" kaltegarria bestelako animalientzat ezta pertsonentzat ere. Jakinarazi du teknika horrekin herritarrek egindako eskaerari erantzun diola udalak. Momentuz, eskaera egin dutenen auzoetan esku hartu dute, baina ohartarazi du beste guneetan ere aplikatuko dutela, prebentzio moduan.