Abuztuaren 18an eta 20an jokatuko dute Zarautz Hiria Torneoa

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 10a, 15:45

Finalaurreko bat eta finala jokatuko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan, hilaren 18an zein 20an. Lehenbiziko jardunaldian Olaizola II.a-Imaz eta Iribarria-Zabaleta bikoteek neurtuko dituzte indarrak. Lehen finalaurrekoa Azkoitian izango da, Bengoetxea VI.a-Albisu eta Ezkurdia-Rezusta bikoteen artean.

Beste urte batez, "punta-puntako esku pilota partidak" ikusteko aukera izango da udalerrian bertan. Izan ere, urtero legez, Aspe eta Asegarce enpresek Zarautz Hiria Torneoa antolatu dute aurten ere Aste Nagusiaren bueltan. Gaur egin dute aurkezpena, Argiñano jatetxean, eta bertan izan dira esku pilotako bi enpresetako ordezkariak– Aspeko Inaxio Errandonea eta Asegarceko Rafa Etxeberria–, babesleak– Diario Vascoko Ager Lasurtegi eta Caixabankeko Iñigo Iriondo– zein Iban San Martin Kirol zinegotziak. Torneoan parte hartuko duten pilotarietako batzuk ere han izan dira, zehazki, Asegarceko Oinatz Bengoetxea VI.a, Ander Imaz, Ibai Zabala, Jon Ander Albisu zein Aspeko Joseba Ezkurdia eta Iker Iribarria.

Aurten, finalerdi bat eta finala jokatuko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan. Hilaren 18an, datorren ostiralean, izango da bata, eta hilaren 20an, igandean, bestea. Azkoitian izango da lehenbiziko finalerdia, Gurea frontoian, andramaixen barruan. Bengoetxea VI.a-Albisu eta Ezkurdia-Rezusta lehiatuko dira egun horretan. Bigarrengoa finalaurrekoan, berriz, Olaizola II.a-Imaz eta Iribarria-Zabaleta bikoteek neurtuko dituzte indarrak.

Etxeberriak adierazi du Asegarceko bi bikoteak–Bengoetxea VI.a-Albisu eta Olaizola II.a-Imaz– "forma aldetik egoera onean" daudela, eta bi finalerdietako aurkariak, Aspekoak, "indartsuak" direla aitortu du. "Hala ere, espero dugu aurrea hartuko dutela". Zentzu horretan, nabarmendu du Olaizola II.ak azken lau torneoak irabazi dituela frontoi horretan.

Errandoneak jakinarazi du zortzi pilotarietatik lau gipuzkoarrak direla. "Bertako pilotariek protagonismo handia dute, eta horrek erakusten du Gipuzkoako pilota une gozoa bzitzen ari dela". Aspe aldeko bi bikoteei dagokionez, gogoratu du Ezkurdia eta Rezusta Sanferminetako txapelketako irabazleak izan direla, eta Iribarria zein Zabaleta ere "pilotari handiak" direla. "Aurkari indartsuak izango dituzte, baina pentsatzen dugu gure pilotariak horiek garaitzeko gai izango direla".

 Atariko partidak eta sarrerak

Partida nagusiez gain, Zarautzen beste bina partida ere jokatuko dituzte egun bakoitzean: hilaren 18an, Victor-Aretxabaleta eta Retegi Bi-Martija artean bata, eta Bakaikoa-Tainta eta Elordi-Lasa IV.a-ren artean bestea, eta finalaren egunean, berriz, Artola-Ladis Galarza eta Jaka-Tolosaren artean bata, eta bestea, Peña II.a-Salaverri eta Gorka-Irusta artean bestea. Azkoitian jokatuko den lehenbiziko finalaurrekoaren aurretik, berriz, Arretxe II.a-Ladis Galarza eta Ugalde-Jaunarena arteko partida izango da.

Jardunaldi guztiak 17:00etan hasiko dituzte. Egunean bertan, partidak hasi baino ordubete lehenago, 16:00etan, jarriko dituzte salgai sarrerak, frontoi bakoitzeko lehiatilan. Hilaren 15eko partidak ikusteko 30 euro (kantxa) edo 15 euro (errebotea) ordaindu beharko dira; hilaren 18korako 35 euro (kantxa) edo 20 euro (errebotea) eta final handirako, aldiz, 40 euro (kantxa) edo 20 euro (errebotea).  "Guretzat ohore bat da halako txapelketa garrantzitsua gure herrian ospatzea", nabarmendu du Kirol zinegotziak: "Ekitaldi hau oso positiboa ikusten dugu horren euskalduna den kirol hau sustatzeko. Zarautzen gazte ugari daude kirol hau praktikatzen dutenak, eta horiei bultzada emateko halako torneoak oso garrantzitsuak dira".
Lasurtegik eta Iriondok aitortu dute "ohore bat" dela halako txapelketak babestu ahal izatea. "Gure ideia da bertako kultura eta kirolak butzatzea, eta zentzu horretan, hala jarraitzea da gure asmoa", nabarmendu du Iriondok.