zarauzkohitza.eus

Hainbat mobilizazio deitu ditu SKAPA jai batzordeak

Zarauzko Hitza 2017-08-11 14:29   Jaiak

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festak bertan behera uztea erabaki du jai batzordeak, "udalak jarritako mugak jasanezinak" direlako. Horren aurrean, bihar protesta zaratatsua egingo dute.

Hainbat mobilizazio deitu ditu SKAPA jai batzordeak
Argazkia: @budatxikia | Ikusi handiago | Argazki originala

Santa Klara, Azken Portu eta Aritzbataldeko festa batzordeak jaiak bertan behera uztea erabaki du. Haien arabera, udalak "azken urteetan ezartzen dituen mugak jasanezinak" dira. Halaber, adierazi dute "Zarautzen bertan antolatzen diren ekintza askotarako ez dela bolumenaren mugarik erabiltzen", eta "ekintza horietan ezartzen diren baldintzak eta Azken Portukoak berak izan daitezela" aldarrikatu dute.

Horren aurrean, mobilizazioak iragarri dituzte. Gaur 19:00etan prentsaurrekoa eskainiko dute, Plaza Gorrian, eta bihar, berriz, 11:30ean Plaza Gorritik abiatuta, protesta zaratatsua egingo dute. Herritarrei eskatu diete mobilizazioetan parte hartzeko, "gertatutako guztia salatu eta aurrera begira herriko ekintzetarako gutxieneko baldintza batzuk exijitzeko". Era berean, eskerrak eman dizkiete batzordeari elkartasuna agertu dieten zarauztarrei.

Hona hemen SKAPA jai batzordekoen irakurketa, gertakarien inguruan:

"Azken Portuko Komisiyuaren izenean, ezer baino lehen, auzotar eta festen hartzaile guztiei barkamena eskatu nahi dizuegu, gertaturiko guztiaren kaltetu nagusiak zuek baitzarete. Era berean, hartu eta hartuko diren erabaki guztietan zuen ulermena eta elkartasuna eskatuz gatozkizue.

2017ko abuztuaren 10eko gaua izan zen kitto esatea erabaki genuen unea. Hona hemen arrazoiak: Azken lau urteetan Zarauzko Udalak bertako bizilagunen erosotasuna aitzakiatzat hartuta, gero eta muga gehiago jarri dizkigu. Hasieran lokalik ez ematea eta plazaren aldaketa izan ziren, eta jarraian, urtetik urterako musikaren bolumenaren murrizketa.

Bart gauean gertatutakoa hauxe da: 92 dezibelioko muga ipini zen musikaren bolumenarentzat. Iazko bolumenaren herena da hori. Muga horrekin soinu froga egiten hasi ziren musika taldeak eta salto egiten zuen mugagailuak. Musika taldeek eta teknikoek beraiek, musikaren munduan lan egiten duten profesionalek, aitortu ziguten baldintza horietan kontzertu bat ematea ezinezkoa dela, eta ez dutela estatu mailan inon halako mugarik eduki.

Urtero, Azken Portuko Komisiyua prest agertzen da udalarekin eta festak jasanezinak egiten zaizkien auzotarrekin festetarako baldintzak udazkenetik bertatik adosteko. Baina, azken unean bakarrik biltzen da Zarauzko Udala Komisiyuarekin, eta gainera, festetan gerta daitekeen edozein akatsen bila aritzen dira.

Aurten, festak hasi baino bi aste lehenago bildu da gurekin Zarauzko Udala eta festak aurrera emateko 92 dezibelioko muga hori derrigorrezko baldintza bezala eskaini digu. Epe horretan ez dago denborarik baldintza horiek adosteko, beraz, festak aurrera egiteko baldintzak onartzea erabaki du Komisiyuak, baina kontzertuarekin hasi bezain pronto agerian geratu da baldintza horiek ezinezkoak direla.

Herritarrentzat borondatez jaiak antolatzen gabiltzan talde bat baino gehiagoren izenean, argi utzi nahi dugu azken urteetan ezartzen ari zaizkigun mugak jasanezinak direla. Atzo ezarri ziren baldintzetan ezinezkoa da kontzertuak aurrera eramatea. Eta kontzertuei dagokienez, zenbakiak begiratzea nahikoa da: festetan beste edozein ekintzak baino jende askoz ere gehiago mugitzen du txosna guneak. Auzo bazkarian 540 pertsona asko direla aitortzen dugun bitartean, kontzertuetan mila pertsonatik gora biltzen da, auzoari eta herriari bizia emanez.

Horrez gain, festetan dauden diru irabazirik gabeko hainbat eta hainbat ekintza antolatzeko (herri kirolak, haur jolasak, kriteriuma…) beharrezkoa den diru iturria da txosna gunea. Kontzerturik ez antolatzea ezinezkoa litzateke SKAPAkoa bezalako programazio bat aurrera ateratzeko. Gainera, Azken Portuko festek biltzen duten jende guztiak auzoko taberna eta dendetan irabaziak uzten ditu, eta festetako ekintzak bertan behera geratzeak guztiei kalteak eragiten dizkie.

Hori gutxi balitz, ezin da ahaztu Zarautzen bertan antolatzen diren ekintza askotarako ez dela bolumenaren mugarik erabiltzen. Ekintza horietan ezartzen diren baldintzak eta Azken Portukoak berak izan daitezela aldarrikatzen dugu."

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa