"Azken hilabeteotan turismoaren inguruko eztabaida sortu da. Irabazi Zarautzi hasieratik kezka sortzen dion gaia da". Udal talde horrek gogoratu du iaz udalbatzarrak onartu zuela Eusko Jaurlaritzari tasa turistikoa aplikatzeko eskaera egitea, Irabazi Zarautzek hala proposatuta. Era berean, ohartarazi dute azken hilabeteotan apartamentu turistikoen erregulazioari heltzeko eskatu izan diotel Udal Gobernuari, "ikusirik herrian hainbat lokal komertzial ostatu bilakatu dituztela eta kontuan izanda ez dagoela udal ordenantzarik gaiaren inguruan".
"Udal Gobernuak adierazi digu ez dagoela horren inguruan arazorik", nabarmendu dute. "Donostian, ordea, alderdi bera, gainontzeko alderdiekin elkarlanean, erregulazio hori lantzen ari da, eta irailerako prest egongo dela aurreikusi dute".
Aitortu dute Zarauzko turismoa oraindik ere ez dela beste hainbat zonaldetakoa bezain "masiboa", baina zantzuak hartzen ari dela. Batetik, azken 24 hilabeteetan hainbat loka apartamentu turistiko bihurtzeko 14 lizentzia eman direla jakinarazi dute, horien erdiak herrigunean.
Bestetik, apartamentu turistikoen plataformek "boom" bat jasan dutela diote, Airbnb enpresak kasu. Plataforma horren datuen arabera, Zarautzen 110 etxe bideratzen dira alokairu turistikora. "Guztira, 180 bat gela eskaintzen dira, 1-3 hilabeterako eta gaua 70 euro kobratuz", adierazi dute. "Beste hainbat hiritan gertatzen den moduan, apartamentu turistikoek badute alde iluna: horrek alokairua murriztu eta prezioa areagotzen du".
Hainbat proposamen
Aitortu dute irtenbidea ez dela "erraza", eta ez daudela turismoaren kontra, "jakin badakigulako turismoa Zarauzko jarduera ekonomiko garrantzitsuena dela". Hala ere, arazoak sortzen dituela diote, eta horregatik "beharrezkoa" dela neurriak hartzea. Hori dela eta, Irabazi Zarautzek hainbat eskaera egin ditu:
- Zarauzko apartamentu turistikoen inguruko erregulazioa lantzen hasteko
- Gai hori lantzen ari diren Turismoaren Plan Estrategikoan kontuan izateko
- Plan horren inguruko parte hartze prozesua errepikatzeko, zabalkunde handiagoa emanez eta aurreko plan estrategikoaren emaitzak herritarrei jakinaraziz
Jakinarazi dute gaiari lotutako mozioa aurkeztuko dute iraileko osoko bilkuran.