AEAren aldeko elkartasun festa izango da larunbatean

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 14a, 09:00
Tonbolarako askotariko materiala bildu dute (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Tonbola, herri bazkaria eta mus txapelketa izango dira Zinema pilotalekuan nahiz Azken Portuko hainbat tabernetan, Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) duten herritarren eta senitartekoen aldeko jaialdian.

Bi urtean behin antolatu ohi du Adela elkarteak Alboko Esklerosi Amiotrofikoaren (AEA) aldeko jaialdia. Aurten, larunbatean izango da, askotariko ekitaldiekin. Eguraldi txarra iragarrita dagoenez, tonbola eta herri bazkaria Zinema pilotalekuan izango dira.

Tonbolarako sari ugari bildu dituzte, 3.000 inguru: Erik Balentziaga Anaitasunako eskubaloi jokalariaren elastikoa, Ander Torriko Benidormeko eskubaloi jokalariarena, Victor Tomas eskubaloi jokalariaren bi elastiko (bata Barcelonakoa zein bestea Espainiako selekziokoa), Mikel Agirrezabalaga eskubaloi jokalariarena, Yuri Berchiche futbol jokalariaren Realeko elastikoa, Imanol Agirretxe futbol jokalariaren elastikoa zein futboleko oinetakoak, Athleticeko Yeray Alvarez futbol jokalariarena, Orio Arraun Elkarteko nahiz ZAEko arraunlarien jantziak, Aspe eta Asegarce pilota enpresetako elastikoak, telebista, otarrak, edariak eta bestelakoak. Txartelak euro batean erosi ahalko dira. 

Herri bazkaria 14:00etan izango da, eta txartelak Zinema pilotalekuan erosteko aukera izango da. 10 euro ordainduz gero, paella, edaria eta postrea dastatu ahalko dira. Mus txapelketa, berriz, Azken Portuko lau tabernetan jokatuko dute: Haritzan, Juli-Julin, Anaiak eta Aurreran. Dagoeneko izena eman dezakete interesa dutenek taberna horietan, baina egunean bertan ere izango da horretarako aukera.

Hainbat sari ere banatuko dituzte muslarien artean: irabazleek Akelarre jatetxean bi laguntzeko afaria eskuratuko dute, garaikurraz gain; bigarren sailkatzen direnek Otzarretan bi lagunentzako afaria; hirugarren sailkatzen direnek Argiñanon eta laugarren sailkatzen direnek, aldiz, Itxaslurren. Ohi bezala, helburua da herritarrak gaixotasun horren inguruan sentsibilizatzea eta gaixoen gastuei aurre egiten laguntzeko dirua biltzea.

Hona hemen egun horretarako prestatu duten egitaraua:

- 12:00. Egunari hasiera emango diote suziriekin.

- Ondoren. Tonbola, musikarekin girotuta, Zinema pilotalekuan.

- 13:00. Bazkaritarako paellaren prestatzen hasiko dira, Zinema pilotalekuan.

- 14:00. Herri bazkaria, Zinema pilotalekuan.

- 16:00. Mus txapelketa, Haritzan, Juli-Julin, Anaiak eta Aurrera tabernetan.