Hitzak nabarmen kamusten eta lausotzen ari diren garaiotan, zaila da lehendik ere aski lausoa zen «herri» kontzeptuari esanahi sinesgarri bat ematea; zer esanik ez, modu hain desberdinetan erabilia denean. Kontzeptu lausoek horixe daukate-eta, zerbait defendatzeko erabil daitezkeela eta baita kontrakoa defendatzeko ere. Horregatik, ez da samurra, gaur egun, delako «herria» nortzuk osatzen duten asmatzeko lanetan hastea, edo jakitea «herriaren alde egitea» zer (kristo) ote den benetan.
Zarauzko Udalak herriaren alde egiten ari zela pentsatuko zuen segur aski, pasa den astean hogeita hamar bat auzokideren kexak auzo oso baten borondatearen gainetik jarri zituenean. Gehiegizko zaratagatik kexatu ziren auzokide haiek, baina izan zitekeen beste edozergatik, Udalak kasu egingo baitzien zalantzarik gabe; izan ere, haren aldetik, Azken Portuko jai-batzordeak traba eta borondate falta besterik ez baitu topatu jada aspaldidanik. Zarauzko festa guztietatik herrikoienak eta parte-hartzaileenak izango dira segur aski Azken Portukoak, auzotik eta herriarentzat antolatutakoak, arnasaldi bat eman ziotenak geroz eta masifikatuago dagoen herriari. Baina horrek guztiak batere inporta ez udal gobernuari, kontrolpetik ihes egiten dien edozer gustatzen ez zaienez gero, Azken Portuko jai herrikoiek hazkura sorrarazten zieten, eta, hala, auzokide gutxi batzuen kexetan topatu dute justifikazioa jaiok nahi zuten bezala moldatzeko. Herriaren alde egin dutela esango dute, gainera.
Aurtengo udan beste behin ere, turismoaren auziari iskin egin ezinda jarraitzen dugu, Azken Portuko kasuak bete-betean egiten duelako talka Udalak herriari opa dion turismo-ereduarekin. Urkullu lehendakariak asteon EH Bilduko ordezkariek Gipuzkoako Ostalaritza Enpresarien Elkartearekin egin duten bileraren harira txiokatu dituenek ere erakusten digute turismoaren eztabaida honek badaukala harago doan garrantzirik. Urkulluk esan du «sakoneko jarrera aldaketa» espero duela turismoaren inguruan, «Euskadik mundu zabalean duen irudian eragin zuzena» duelako. Alegia: Euskadik behar duena, herriak behar duena turismoa dela, eta kito.
Bai Urkulluk, bai Zarauzko Udalak eta baita beste askok ere, herriaren alde egiten ari diren itxura eman nahi dute beren eta betikoen interesen alde egiten jarraitzeko. Ezin da onartu: ez interes propioak herriarenen aurretik jartzea, ezta «herria», kontzeptu lauso hori, horretarako justifikazio modura erabiltzea ere.