"Osasun zentroak euskaraz bizitzeko eskubidea ere urratu egiten du"

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 21a, 11:04
Zarauzko Osasun Zentroa.

EHEren arabera, Zarauzko osasun zentroan euskararen aurkako hainbat urraketa gertatu dira azken
hilabetean. Hori dela eta, idatzi bat kaleratu du. Irakurri jarraian:

 
"Zarauzko osasun zentroan euskararen aurkako hainbat urraketa gertatu dira azken hilabetean. Besteak beste, harrera zerbitzuan lan egiteko euskaraz ez dakiten administrari laguntzaileak hartu dituzte udan lan egiteko, jakinik postu hauek euskara ezagutzaren betebeharra dutela ezarria. Ondorioz, herritarroi euskaraz artatuak izateko dugun eskubidea ukatu egin zaigu. Hori dela eta, Zarauzko EHEtik Zarauzko Udalari eta osasun zentroko zuzendaritzari era arduratsuan jokatzeko eskaera egin diegu.

Ez dugu ahaztu behar Osakidetzak kontratazio eta euskara araudiak dituela martxan eta kasu honetan, araudi horiek urratu egin dituela, lanpostuko betekizunei muzin egin eta euskaldunon eskubideak zapalduz.

Gogoan dugu, halaber, Zarautz Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko kide dela. Gauzak horrela, onartezina iruditzen zaigu osasun etxeak harturiko erabakia, herritarrak bigarren mailako biztanle bihurtu ez ezik, euskaraz bizitzeko eskubidea ere urratu egiten duelako.

Gure eskubideak baztertu eta ezinezko egin dute euskaraz artatuak izateko bermea, finean, guk aukeratutako hizkuntzan artatuak izatea eta euskaraz bizi ahal izatea. Gainera, argi daukagu ez dela zapalketa puntual bat. Behin eta berriz, Zarautzen ez bada beste herriren batean, jasotzen dugu urraketa desberdinen berri, orain dela bi urte Zumaian bezala. Beraz, ez dira zapalketa puntualak eta badakigu borondate kontua dela.

Gauzak horrela, gure ezinegona adierazi nahi izan diegu Osakidetzari eta Zarauzko Udalari. Egoera honen aurrean arduraz jokatu eta arazoa konpontzeko konpromisoa eskatzen dugu. Bide batez, halakorik berriro gerta ez dadin, neurri egokiak har ditzaten eskatzen dugu.

Erantzunaren zain egongo gara eta aldaketarik lortu ezean zuen laguntza, herritarrena, beharko dugu honi aurre egiteko"