Milagros Arrojeria omenduko dute Txakolin egunean

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 23a, 12:59
Ixidor LarraƱaga Turismo zinegotzia eta Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izendapeneko idazkaria, gaurko aurkezpenean.

Igandean izango da, eta askotariko ekitaldiak izango dira horren bueltan.

"Abuztua biribiltzeko", Txakolin eguna ospatuko dute igandean. Urtero legez, herritar bat omenduko dute aurten ere. Kasu honetan, emakume baserritar bati egongo diote omenaldia, eta hala, Milagros Arrojeriari jarriko diote banda. Modu horretan, Basobeltz baserriko nekazariari "urte luzetan eta isilpean" egindako lana aitortuko diote. "Ondo merezita du, zalantzarik gabe, eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditut omenaldi beroena eskaintzera", adierazi du Ixidor Larrañaga Turismo zinegotziak.

Ruth Mozo Getariako Txakolina jatorri izendapeneko idazkariak nabarmendu du eurentzat "oso garrantzitsua" dela Zarauzko Merkatu plaza, eta ondorioz, emakume baserritarrek egiten duten lana. "Batzuetan ez da ikusten zelako lana egiten duten", dio. Hori dela eta, Arrojeriari aitortuko diote urte askoan egindako ekarpena.

Basobeltzeko baserritarrari banda jarri eta iazko txakolinarekin topa egin ondoren hasiko dira txakolina dastatzen bertaratzen direnak. Zarautz herri "garrantzitsua" denez, aurten gutxienez 24 upategik hartuko dute parte Txakolin egunean. Ohi bezala, sei euro ordainduz gero, edalontzi bat eskuratuko da, eta bost txakolin dastatu ahalko dira. Laguntzeko, hegaluze, antxoa, Gernikako piper eta bestelako pintxoak ere izango dira.

Ohi bezala, Zarauzko elkarte batek lagunduko du edalontziak saltzen. Aurten ADELA Alboko Esklerosi Amiotrofikoa (AEA) duten herritarren eta senitartekoen elkartea ariko da lan horretan, eta jatorri izendapenak diruz lagunduko du horrela. 

Bertaratzen direnek txakolina dastatzen duten bitartean, herri kirolez gozatzeko aukera ere izango da. Era berean, Jalgi dantza taldeak Txakolin dantza eskainiko du, eta Sebastian Lizasok zein Andoni Egañak bertsoak.

"Uzta oso ona"

Mozok adierazi du aurten mahats bilketa aurreratu egingo dela; izan ere, urte "oso arraroa" izan da aurtengoa: "Udaberria oso ona egin du, lorea mamitu egin zen eta espero dugu uzta oso ona izatea. Uztaila, ordea, iluna izan da, eta ondorioz mahastizaleak oso gainean egon behar izan dute". Aurreikusi du 4 milioi kilo inguruko uzta jasoko dutela, eta Euskal Jai inguruan hasiko direla mahatsa biltzen.

Gogoratu du jatorri izendapenean 33 upategi daudela inskribatuta, 427 hektareatan banatuta. Getarian 12 upategi daude, Zarautzen 7 eta Aian, berriz, beste 3.

Hona hemen iganderako prestatu duten egitaraua:

- 10:00. Bisita gidatua Talaiberri txakolindegira.

- 11:00. Kalejira txistulariekin.

- 12:00. Txakolin egunari hasiera emateko, aurtengo omenduari banda jarriko diote eta topa egingo dute txakolinarekin, Lege Zaharren enparantzan. Jarraian, Jalgi taldeak txakolin dantza dantzatuko du, otxote baten laguntzarekin, eta Sebastian Lizasok nahiz Andoni Egañak bertsoak eskainiko dituzte. Era berean, txistulariek kaleak girotuko dituzte.

- 12:30. Txakolin dastaketa, Lege Zaharren enparantzan.

- Ondoren, ZKEko Herri Kirol sailaren erakustaldia.

- 19:30. Enemigos intimos taldearen ikuskizuna, Musika plazan.