Haize-Orratz gaztelekuko udako egitaraua, "arrakastatsua"

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 25a, 15:10

Izandako erantzuna "ona" izan denez, hurrengo urtera begira bide beretik jarraituko dute.

Haize-Orratz gaztelekuko hezitzaileek egitarau betea antolatu dute udako, maiatzean 203 nerabek erantzundako galdeketan oinarrituta. Udagazte17 izeneko egitarauaren barruko askotariko ekitaldiak "arrakastatsuak" izan direla diote–bideoan ikus daiteke laburpen bat–. Bereziki, herriko disko jartzaile nerabeek proposatutako Karramarro Fest jaiak izandako "harrera beroa" nabarmendu dute.

"Gaztelekuko hezitzaile taldeen laguntzarekin aurrera eraman genuen Karramarro Fest Desertu Txikian. Jende ugari elkartu zen eta festa ederra izan zen. Erantzuna oso ona izan zen; 250 nerabetik gora gerturatu zen jai honekin gozatzera", azaldu du Gazteria zinegotzi Jonan Urdangarin Urrutiak.

Hori dela eta, nerabeek herriko jaietan halako ekintza gehiago antolatzeko eskatu udalari. "Dinamika berarekin jarraitzeko asmoa dugu, nerabeek ere jaietan gozatu eta eroso egoteko euren txokoa izan dezaten", azaldu du Gazteria zinegotziak. Hala, hurrengo urterako bide horretan jarraitzeko asmoa azaldu dute.

Era berean, ekintza gustukoenak egun pasak izan direla jakinarazi dute; 81 nerabek hartu dute parte horietan. Zinegotziak eta hezitzaileek eskerrak eman dizkiete familiei "eurengan konfiantza jartzeagatik" eta nerabeak zoriondu dituzte izandako "jarrera onagatik".