«Oilo ipurdia jartzen zitzaidan harria jasotzeko momentuan»

Aritz Mutiozabal 2017ko abu. 30a, 10:28
Xabat Olaizola harrijasotzailea eta eskubaloi jokalaria (Aritz Mutiozabal).

Xabat Olaizola (Zarautz, 1997) harrijasotzaileak eta eskubaloi jokalariak bigarren bukatu zuen ostiralean Euskadiko Kintopeko Txapelketan; Jon Gisasola mallabiarrak irabazi zuen, eta hark baino bi jasoaldi gutxiago lortu zituen zarauztarrak.

Aurten bigarren aldiz hartu duzu parte kintopekoan, eta gertu izan duzu txapela.
Hortxe ibili naiz, bai. Helburu horrekin prestatu naiz, nahiz eta aurten ez naizen harrijasotzen ibili. Azken finean, urte osoan eskubaloian aritu naiz jokatzen, eta udan bakarrik izan dut denbora harriarekin entrenatzeko. Baina gutxi gorabehera banekien 50 jasoalditan ibiliko zela txapela, eta ongi jardunez gero janzteko aukera izan nezakeela.

Bi harrirekin lehiatu zineten txapelketan: 100 kiloko zilindroarekin eta 100 kiloko kubikoarekin. Zu hobeto moldatu zinen kubikoarekin...
Hori da, bai. Aurretik Mallabian izan genuen txapelketa bat, garaile izan den Jon Gisasolaren herrian, eta han zilindroarekin eta bolarekin osatu genuen proba. Bertan jada ikusi genuen zilindroarekin ongi aritzen zela aurkaria, eta espero genuen hemen ere txukun ibiliko zela. Ni kubikoarekin hobeto moldatzen naiz, eta gure esperantza zen hark niri zilidroarekin alde txikia ateratzea eta kubikoarekin nik alde hori errekuperatzea. Azkenean, hark baino bi jasoaldi gutxiago lortu nituen [50 jasoaldi lortu zituen Gisasolak; 33 zilindroarekin eta 17 kubikoarekin. Olaizolak 48 jasoaldi; 29 zilindroarekin eta 19 kubikoarekin].

Zer sentipenekin bukatu zenuen txapelketa?
Txapela lortu ez arren, egun oso polita izan zen. Lege Zaharren enparantzan horrenbeste jende ikustea, ezagun pila bat, animoak emanez... Oilo ipurdia jartzen zitzaidan harria jasotzeko momentuan.

Bat edo beste harritu egingo al zen harriak jasotzen ikusi zintuenean?
Egia esan, bai. Eskubaloian lagunartekoak izan ditugu denboraldi aurrean, baina nik ez ditut jokatu txapelketarako prestatzen aritu naizelako. Eta jendeak lesionatuta ote nengoen edo zer demontre pasatzen zitzaidan galdetzen zidan. Nik harriarekin ari nintzela erantzuten nienean edo hedabideetan ikusi nindutenean pixka bat harritu egin ziren. Pixka bat ezkutuan eduki dudan zerbait izan da.

Duela hiru urte hasi zinen harrijasotzen, ezta?
Hori da. Dena den, 13 urterekin jaso nuen lehen aldiz harria, baina eskubaloian jokatzen nuenez, soilik udan aritzen nintzen.

Nondik datorkizu zaletasuna?
Iazko kintopeko txapeldun Mikel Lopetegi Urra nire lehengusu txikia da, eta erdi brometan erabaki genuen bizikletan Izetara igotzea eta bertan harrijasotzen aritzea. Esperientzia gustatu egin zitzaigun, eta asteburutan joaten hasi ginen hasieran, hilabetean bi aldiz. Gerora, eskubaloira bideratu nuen ibilbidea, eta hasieran udan bakarrik aritzen nintzen. Ondoren, serio hartu eta urte oso bat egin nuen eskubaloian eta harrijasotzen, baina oso gogorra egin zitzaidan. Iaz, eskubaloiko lehen taldearekin jokatzen hasi nintzenean, harria albo batera uztea erabaki nuen. Aurten, nire azken urtea zen kintopekotan [21 urtez azpiko txapelketa da, eta 20 urte ditu Olaizolak], eta lan polita egiteko asmoz atera naiz plazara. Egia esan, oso gustura aritu naiz.

Bi kirolak –eskubaloia eta harrijasotzea– bateragarriak al dira? Elkarri oztopatzen diote ala elkarren osagarri dira?
Nik uste dut elkarren osagarri direla, baina aldi berean aurkari. Alegia, bi kirolei garrantzia handia ematen badiezu eta txapelketetan lehiatzen baldin bazara, kalte egin diezazuke. Entrenamendu gehiegi dira, eta zaila da benetan. Nik zaletasun bezala hartzen dut harrijasotzea, eta udan pare bat txapelketa nahiz erakustaldi egitea ongi ikusten dut. Gorputza indartzeko modu ona dela iruditzen zait, gainera.

Harrijasotzea zaletasuna dela diozu. Eskubaloiak al du zuretzako lehentasuna?
Bai, eskubaloiari eman diot lehentasuna nire bizitza osoan. Aurrerago ez dakit zer gertatuko den, baina oraingoz hala da.

Beraz, orain berriro eskubaloira itzuli zara...
Orain arte harriekin entrenatzen aritu naiz, eta fisikoki indartsu baldin banago ere, korrika egitea eta baloiarekin jokatzea oso ezberdina da. Gainera, oso epe laburra daukat, ligako lehen partida Euskal Jai Egunaren bezperan jokatuko dugulako, eta ordurako puntua hartu beharra daukat. Horregatik, entrenamendu saio bikotzak egiten ari naiz: goizetan jubenilekin eta arratsaldetan Amenabarrekin.

Zeintzuk dira taldearen denboraldiko helburuak?
Beti zehazten dugun helburu da mailari eustea. Talde gaztea gara, eta iaztik hona esperientzia irabazi dugu. Lan polita egin dezakegu, baina salbazioa da lehen helburua.

Eta harriarekin ba al duzu ametsik edo markaren bat hobetzeko erronkarik buruan?
Momentuz ez dut halako ametsik. Baina iaz guztiz utzita eduki banuen, aurten urtean zehar jarraipena eman nahi diot pixkanaka entrenatuz.