Urte amaieran hasiko dira Modelo eraberritzen

Zarauzko Hitza 2017ko abu. 31a, 14:24
Lanen artean, goiko solairua egokituko dute zinema emanaldietarako.

Besteak beste, eserleku gehiago jarriko dituzte, goiko solairua zinema emanaldietarako egokitu eta berogailu zein airestatze sistemak berritu.

Asteartean argitaratu zuten Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean Modelo partzialki eraberritzeko obren ardura emateko lizitazio iragarkia, eta horrenbestez, interesa dutenek dagoeneko egin ditzakete proposamenak lehiaketa publikorako. Xabier Txurrukak aitortu du aretoa eraberritzeko "beharra" badagoela eta horregatik proiektua jarri du martxan udalak, datorren udako "gaur egungo hutsuneei erantzungo dien ekipamendu moderno hori" martxan jarri ahal izateko.

Udalak dagoeneko onartu du egitasmoa eta 1.218.448,12 euroko diru partida bat gorde du hori gauzatzeko. "Inbertsio garrantzitsuak egin ditu udalak agintaldi honetan kirol ekipamenduak hobetze aldera. Orain kultura azpiegiturei iritsi zaie txanda". Proiektuan jaso dituzten lanen artean bat beheko jarlekuak aldatzea izango da. "Guztiok dakigu zein egoeratan dagoen. Edukiera oso mugatua du; 200 eserleku ditu gaur egun", adierazi du Txurrukak. Obrak egin ondoren, 240 eserleku izango direla aurreratu du. Irisgarritasuna bermatzeko lanak ere egingo dituzte.

Horrekin batera, goiko solairua ere egokituko dute zinema emanaldietarako. "Gaur egun itxita dago segurtasun arazoengatik. Hori dela eta, hustualdi irteerak ere egokituko ditugu". Era berean, bigarren solairuan ere eserleku gehiago jarriko dituzte. "Behin baino gehiagotan gertatu izan zaigu azken orduan etorri eta zinemarako sarrerarik ez izatea. Hori ekidin nahi dugu etorkizunean, eta horretarako, besaulki gehiago jarri". Berogailua eta aireztapen sistema berria ere jarriko dute, eta baita argiteria berritu ere.

Oholtza zabaltzeko asmoa ere badute, eta baita artistentzat jantzigelak egitekoa ere. Teilatua ere berritzeko beharra dagoela esan du.  "Obra esleitzen dugunean proiektuaren berri sakonago emango dugu", ohartarazi du Txurrukak.

32 asteko lanak

Atzotik, 20 lan eguneko epea dute enpresek lehiaketa publikora aukezkeko; HAZra jo beharko da horretarako. Aurreikusi du urte amaiera aurretik hasiko liratekeela obrekin eta ekaina aldera-edo egongo litzateke prest Modelo eraberritua. 32 aste inguru iraungo dute lanek, gutxi gorabehera.

"Asko dira udalak azpiegitura honetan antolatzen dituen ekitaldiak, askotariko eragile zein elkarteak eskutik hartuta. Pentsatzen dugu modernizatu eta potentziatu beharra dagoela gunea", gogoratu du Txurrukak. Nekane Iribar Kultura zinegotziak gaineratu du Modelo zarauztarrentzat "betidanik areto kuttuna" izan dela, eta agintaldi honetan kultura alorrean "apustu sakona" egin beharra zegoela. "Kultura arduradun naizen aldetik, oso pozik gaude. Izan ere, finean, udalak zein askotariko eragileek eskaintza zabala burutzen du, eta ordua bazen txukuntzekoa", zehaztu du.