Talde lana zilarrezko domina lortzeko gakoa

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko abu. 31a, 10:32
Mikel Amilibiari eta Eneko Goenagari ongi-etorria egin diote, Zarautzen. (Luis Epelde)
Amenabar eskubaloi taldeko kide Mikel Amilibiak eta Eneko Goenagak zilarrezko domina eskuratu dute Espainiako Selekzioarekin, Georgiako Tbilis hirian jokatu den Munduko Eskubaloi Txapelketan.

Zarauzko Amenabar eskubaloi taldeko jokalari Eneko Goenaga zarauztarrak eta Mikel Amilibia oriotarrak beren taldearekin denboraldi berria abiatu dute, abuztuan Espainiako selekzioarekin Munduko Eskubaloi Txapelketa jokatu ondoren. Atseden hartzeko egun gutxi izan dituzte eskubaloi jokalari gazteek, baina indarrez ekin diote lanari.

Pozik daude nazioarte mailako txapelketan egin duten lanarekin, eta ez da gutxiagorako, Georgiako Tbilis hirian jubenil mailako Munduko Eskubaloi Txapelketan zilarrezko domina eskuratu baitu taldeak. Finalera arte partida guztiak irabazi zituzten, baina finalean ezin izan zuten Frantziako selekzioa garatu. “Frantziak partida guztiak hamar puntu ingurugatik irabazi zituen, eta beste taldeen gainetik zegoen. Oso ondo hasi ginen, partida irabazten gindoazen bigarren zatiko 15. minutura arte. Baina gero pasa egin ziguten. Jokalari batek 13 gol sartu zituen eta ez genuen hura frenatzen jakin. Jokalari batek irabazi zigun Munduko Txapelketa”, azaldu zion Amilibiak Karkara.eus-i txapelketatik itzuli berritan.

Dena dela, egindako lanaz “harro” daude eskualdeko jokalariak, eta aurten talde moduan aurrerapauso garrantzitsua eman dutela sentitu dute gainera. “Iaz Europako Txapelketa jokatu genuen, baina aurtengo esperientzia desberdina izan da», adierazi du Goenagak. Zarauztarraren iritziz,«taldea askoz osatuago eta bateratuago egon da aurtengo txapelketan, eta horrek eragina izan du gure jokatzeko moduan”. Bi jokalarien esanetan, talde lana izan da Munduko Eskubaloi Txapelketan zilarrezko domina eskuratzeko gakoetako bat.

Horrez gain, Espainiako selekzioarekin prestaketa lan garrantzitsua egin dutela ere nabarmendu dute, 50 egunetik gora egon baitira taldearekin kontzentratuta. “Uda hasieran abiatu genituen entrenamendu saioak. Hasieran denboraldiaurre moduko bat egin genuen, gimnasioan indarra landuz. Pixkanaka pisua kentzen eta azkartasunari garrantzia ematen joan zen prestatzailea, eta oso sasoi onean iritsi ginen txapelketara”.

Bestalde, selekzioko kideen artean ere giro ederra izan dutela azpimarratu dute. “Egun asko pasatu ditugu elkarrekin, eta horrek gure arteko harremana estutu egin du. Horrela, askoz errazago bideratu dugu txapelketa”.

“Gogoz denboraldi berria”
Munduko Eskubaloi Txapelketako esperientzia gogoan dutela, etxera itzuli dira eskualdeko bi jokalariak, eta Amenabar taldearekin entrenatzen ari dira dagoeneko. Txapelketatik etorri berritan jokatu zuten lehen lagunarteko partida etxeko taldearekin, eta astelehenean abiatu zituzten ohiko entrenamenduak.

“Gogoz hartu dugu denboraldi berria, eta partidak jokatzeko irrikaz gaude. Aurten gainera, talde polita dugula uste dugu, eta lan txukuna egitea espero dugu”.

Erlazionatuak

Ezin izan dute Frantziarekin

Zarauzko Hitza 2017 abu 20 Zarautz