Euskal Astea 2017

Pauso bat atzera, jendea aktibatzeko

Aritz Mutiozabal 2017ko ira. 1a, 10:22
Gurekin Jaiko kide Eider Valentin, Jone Azkoaga eta Miren Garate, ezkerretik hasita (Aritz Mutiozabal).

Azken topa azken brindixa izan ez dadin lelopean antolatu ditu Gurekin Jaik Euskal Jaietako ekitaldiak. Jai batzordeak antolatuko dituen azkenak izango dira, bere jarduna etengo baitu, eta beren lekukoa gazteek har dezaten nahi dute.

Gurekin Jai desagertu egingo da. Festa batzorde herrikoiak sanpelaiotan iragarri zuen be­re buruaren iraun­gitze da­ta Euskal Jai Eguna izango zela. Ultimatum moduko bat eman zuten, «jendeak pixka bat erreakzionatu zezan eta ikusteko benetan  gure partetik bukatzera doala», azaldu du Eider Valentin batzordekideak. Aurreratutakoaren haritik, Azken topa azken brindixa izan ez dadin lelopean emango dute agurra antolatu dituzten azken jaietan.

Gurekin Jaik ez du herriko jaiak bukatzerik nahi, baina erreleboa emateko garaia iritsi dela uste du. Herriko eragile eta norbanako batzuk osatzen dute batzordea; egun hamar lagunek osatzen dute, eta beren artean antolatzen dituzte sanpelaioak eta Euskal Jaiak. Jone Azkoagaren esanetan, «gu­re lan egiteko era agortu da, eta inertziaz funtzionatzera iritsi gara. Orduan, ez gara ailegatzen guk irudikatzen ditugun festak antolatzera, gure helburu horiek betetzera. Frustrazioa sentitzen dugu, bakarrik sentitzen gara eta gure lana ez da behar adina baloratzen. Inflexio puntu batera iritsi gara eta amaiera bat behar du, berriro beste zerbait sortzeko».

Lekukoa gazteek har dezaten nahi dute. «Gurekin Jaien etapa bukatzera doa, eta beste zerbait hasiko da, jarraipena emateko. Gure asmoa da laguntzea, baina beste batzuen esku utzita festen antolakuntza», dio Valentinek. Sanpelaioen iragarpenaren aurrean, jende batek beren prestutasuna agertu zietela dio batzordeko kide Miren Garatek. «Hurrengo sanpelaioak arte badago nahikoa denbora jendea antolatzeko eta beste talde bat sortzeko». Oraingoz, ordea, ez dago lekuko hori hartuko duenik.

Bien bitartean, hilaren 9an, Euskal Jai Egunean, Ideien kutxa jarriko dute txosnetan, jendearen ekarpenak, proposamenak eta dena delakoak jasotzeko.


Erabaki zaila

«Gurekin Jaik toki bat bete du, herriko festak antolatzearena», zehaztu du Garatek: «Orain, toki hori hutsik uztea erabaki du, beste batzuk sartzeko. Izan ere, gu bertan egonda, jendea ez da guregana gehitu. Beraz, erabaki dugu pauso bat atzera ematea, beste norbaitek ekimena har dezan».

Erabaki zaila izateaz gain, pena ere ematen diela nabarmendu dute jai batzordeko kideek. «Berez, ez genuen nahi honekin bukatu, eta erabakia har­tzea kostatu egin zaigu». Sentipen gazi-gozoarekin uzten dute, gainera. «Nik ilusio pixka bat badaukat, ea horrela gazteak animatzen diren, baina aldi berean bertigo apur bat ere ematen digu. Guk utziz gero egongo al da aurrerantzean zerbait?», galdetzen du Azkoagak. Gazte mugimendua  oro har «apalduta» ikusten dute, nahiz eta auzoetan badiren «oso aktiboak» diren jai batzordeak: «Iñurritza, Azken Portu, Santa Marina... Hor badaude gazteak, baina herri mailan antolatzen den batzordean ez. Betikoak gabiltza».

Batzordekideak ohartu dira oraindik batzuek ez dakitela festen atzean jai batzorde bat dagoela. «Jendeak badaki txosnak daudela, baina horiek nondik ateratzen dira? Herritarrei erakutsi nahi genien, oztopoak oztopo, hainbat lagun ibili  garela hau guztia antolatzen, eta ez dela udalaren ekimenez izan».

Argi utzi dute oztopoek ez dutela bultzatu Gurekin Jai desagertzera. «Jarraipenik ez edukitzeak nekatu gaitu batez ere», esan du Valentinek: «Gustura antolatzen dugun zerbait da, baina jaso behar duzu zerbait bueltan herriarengatik, herritarrengatik eta udalarengatik. Azkenean, guztiak baldintzatzen zaitu».

Hala ere, azaldu dute Zarauzko Udalak ez dizkiela erraztasunik eman. Txosnen kokalekuarekin arazoak izan dituzte, adibidez. Sanpelaioetan Munoan jartzen dituzte, eta Euskal Jaietan, berriz, Salberdingo aparkalekuan. 2010eko sanpelaioetan txosnak «ezingo genituela» Munoan jarri esan zieten, eta horren aurrean, lip-dub aldarrikatzailea grabatu zuten, herritar askoren babesarekin. «Jendea zerbait galtzera doanean aktibatzen da, eta orain desargertzera goazen honetan, agian, indartu egingo da».

Aurten ere gorabeherak izan dituzte kokalekuarekin.  Santa Klarako pasabideko lanak direla medio, «Salberdingo aparkalekura iristeko sekulako buelta eman behar da». Hori dela eta, beste toki batera aldatzeko eskatu diote udalari, baina ezezkoa jaso dute. «Gure arrazoi bakarra ez da izan urrun dagoela edo zail samar dagoela iristeko, jendea bertaratzeko segurtasunak ere kezkatzen gaitu». Segurtasun hori bermatze aldera, Bizkaia kalea trafikoari itxita egongo da, Zelai Ondoko botikatik Astazubi plazaraino.

Azkoagaren arabera, «jende ugari biltzen dugun eragile bat gara, eta udalak gu ez baloratzea puntu inportante bezala eta ez uztea herrigunean egoten, berriro ere gu alboratzea da».


«Tristea da mugak jartzea»

Kokalekuaz gain, ordutegiarekin ere trabak izan dituztela nabarmendu dute. «Tristea da hainbeste muga jartzea udalak herriko festa nagusietan». Jasotzen duten diru laguntza ere urria dela nabarmendu dute: «Uste dugu beraiek inor baino kontzienteago direla zenbat balio duen musika taldeak ekartzea. Udalak ematen digunarekin talde bat ekartzeko ere ez daukagu». Soinu-mugagailuarekin arazo berezirik ez badute izan ere, «baxu» entzuten dela  diote, eta, zentzu horretan, babesa adierazi nahi izan diete herriko beste jai batzordeei.

Horren harira, Gurekin Jaiko kideek uste dute lanketa bat egin beharko litzatekeela herriko jai batzorde denen artean, «guztiok sekulako lana egiten baitugu  jaiak aurrera eramateko, eta gutxiago ala gehiago udalak guztioi jartzen dizkigu mugak».

Erlazionatuak