Erortzeko arriskua duten zuhaitzak kendu eta berriak jarriko dituzte

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 1a, 14:42
Iban San Martin kaltetutako zuhaitz bati begira Itxasmendin (Zarauzko Udala).

Itxasmendi eta Vista Alegre auzoetan ikerketa bat egin ondoren, kaltetutako zuhaitzak mozteko eta ordezkatzeko neurriak hartuko ditu udalak. Astelehenean hasiko dira lanekin, Itxasmendin.

Berehala erortzeko arriskua duten zuhaitzak kendu eta berriengatik ordezkatuko dituzte datorren astetik aurrera. Udalak eskatuta, Itxasmendi eta Vista Alegre auzoetako zuhaitzen inguruko ikerketa egin du Gabriel Iguiñiz adituak, eta haren gomendioz egingo dituzte lanak.

Obra Txikien, Azpiegituren eta Zerbitzuen zinegotzi Iban San Martinek azaldu du duela gutxi zuhaitz batzuk erori direla Vista Alegren eta Itxasmendin, eta horien enborrak aztertu ondoren, onddoak eta bakterioak zituztela ohartu direla. Kokalekuagatik edo tamainagatik bertako bizilagunentzat arriskua sor dezaketen zuhaitzen inguruko ikerketa osatu du Iguiñizek, eta haien egoera baloratu ondoren, "berehala erortzeko arriskua duten batzuk kentzea urgentea dela adierazi digu”. Zinegotziak aurreratu duenez, “kentzen ditugun zuhaitz guztiak beste batzuengatik ordezkatuko dira otsailean”.

Datorren astelehenean, hilaren 4an, hasiko dira kaltetutako zuhaitzak kentzen, eta aurrena Itxasmendi egingo dituzte lanak. Horretarako suhiltzaileen laguntza izango dutela jakitera eman du San Martinek: "Kendu behar ditugun zuhaitzen ondoan haurrentzako jokoak, tenis-pistak, saskibaloi-pistak eta Orokieta eskola daude. Horregatik, momentu oro segurtasuna bermatzeko, suhiltzaileek udaleko Lorezaintza zerbitzuko teknikariekin, brigadako langileekin eta Udaltzaingoarekin elkarlanean arituko dira”.