«Egungo testuinguru politikoa aintzat hartu beharko luke epaimahaiak»

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 6a, 07:00
Ekhine Eizagirre (utzitako argazkia).

«Urduri», baina aldi berean «indartsu» sentitzen dela onartu du Ekhine Eizagirre presoak. Gaur eta bihar epaituko dute Parisen, beste bost lagunekin batera, ETAko talde logistikoko kide izatea leporatuta.

2013an atxilotu zuten Ekhine Eizagirre (Zarautz, 1984), beste bost lagunekin batera, ETAko talde logistikoko kide izatea egotzita. Lau urte pasatxo geroago, haien kontrako epaiketa egingo dute gaur eta bihar Parisen (Frantzia). Itxaronaldia «luzea» eta «astuna» egin zaiola adierazi du preso zarauztarrak: «Espetxeari aurre egitea eguneroko borroka da». Epaiketaren atarian, Fresnesko espetxetik erantzun dizkio Urola Kostako Hitzaren galderei.

Nola sentitzen zara epaiketaren aurrean?
Alde batetik, urduri. 2013ko maiatzean atxilotu eta espetxeratu gintuzten, eta lau urte eta erdi geroago epaituko gaituzte. Bestalde, epaiketari begira, indartsu sentitzen naiz; izan ere, azken asteotan ondoko kideek izugarri babestu naute eta oso gertu sumatu ditut herritarren eta ingurukoen elkartasuna eta maitasuna.

Bi egunetan deklaratu beharko duzu? Kontaiguzu nola izango den eta zein prozedura jarraituko duen.
Epaiketa asteazken [gaur] eguerdian hasiko da, eta ziurrenik biharamunean amaitu. Epaitegia euskal militanteak zigortzeko eremua dela badakigu, eta horregatik ez diegu erantzungo epailearen eta fiskalaren galderei. Aitzitik, epaituko gaituzten kideon artean adostu dugun testua irakurriko diogu epaimahaiari, gure jarrera zein den azaltzeko.

Zer da fiskaltzak eskatzen duena eta, aitzitik, zein izango da zuen defentsa?
Ez dakigu fiskaltzak zer eskatuko duen, hori epaiketan jakingo dugu. Guri dagokigunez, defentsa politiko eta juridiko orokorra egingo dugu, eta epaimahaiari eskatuko diogu gure herriko egoera aintzat har dezala, eta mendekuzko politikak baztertu ditzala gatazkaren konponbidean aurrera egiteko behingoz.

Epaiak nondik joko duela uste duzu?
Ez daukat ideiarik ere. Dakiguna da epaia erabaki politiko bat izango dela. Alabaina, iruditzen zaigu epaimahaiak egungo testuinguru politikoa aintzat hartu beharko lukeela.

Lau urte eta erdi kartzelan eman ondoren dator epaiketa. Nola bizi izan duzu itxaronaldia?
Espetxean igarotako lau urte  eta erdi hauek luzeak eta astunak egin zaizkit. Espetxeari aurre egitea eguneroko borroka da. Preso egonda ere, bizitzak aurrera jarraitzen du ordea, eta garrantzitsua da burua okupatuta izatea, norbera eta ingurukoak zaintzea, plazer txikiei lekua egitea. Urteotan guztiotan kide paregabeak ezagutu ditut, eta ondoan izan ditut, momentu zailenei eta gordinenei aurre egiteko. Hemengo nire pozik handiena haiek ezagutu izana da.

Askotariko borrokaldiak eraman dituzu aurrera espetxean: 2014eko apirilean Fleuryn, eskubide murrizketak eta probokazioak salatuz; biluztera behartu izan zaituztela ere salatu zenuen, eta ondorioz, bisitarik gabe utzi zituzten; tartean, espetxez aldatu zituzten; Itziar Morenoren isolamenduaren kontra gose greba egin zenuen. Horrek guztiak zure egoera okertu duela uste duzu?
Espetxea errepresio makina erraldoi bat da, eta egunero-egunero presoa birrintzen saiatzen da. Lau urteotan, egunero pairatu izan dugu espetxetik eratortzen den indarkeria: gaueko kontrolak –bi orduero argia piztu eta esnatuz–, biluzte sistematikoak –astean bi biluzketa gutxienez–, ate kolpe bortitzak, eguneroko tentsioak...

Horri bizi baldintza kaskarrak gehitu behar zaizkio: elikadura txarra, garbitasun falta, azpiegitura ustelak... Espetxeak preso dagoenaren bizitzan eta osasunean eragin zuzena du. Espetxeko egun bakoitzak zauritzen du presoa; indarkeria horren inguruan, ordea, ez da jendartean aski hausnartzen.

Niri ere, noski, eragiten didate aipatu ditudan baldintza horiek guztiek. Gogoratu nahi dut espetxeak hil egiten duela. Dagoeneko hemezortzi burkide hil dira espetxean; azkena, Kepa del Ho­yo. Kolpe gogorra izan da guztiontzat Keparen heriotza, eta berriz ere agerian utzi digu egungo espetxe politika suntsitzailea eta gupida gabea dela.

Espetxeetan euskal presoak elkarren ondoan izatea ezinbestekoa dela erakusten duten hainbat aldarrikapen ere egin dituzu. Espetxe barruan ere sakabanaketa sumatzen duzue?
Frantziako espetxeetan euskal presoen sakabanaketa inoiz baino nabarmenagoa da. Une honetan, 69 kide 21 espetxetan sakabanatuta gaude Frantzian, gehienak Euskal Herritik ehunka kilometrotara. Horietako hiru guztiz bakartuta daude, eta gainontzeko kide gehienak binaka edo hirunaka banatuta. Epaitu gabe gauden emakume presoen kasuan adierazgarria da egoera. Guztira hiru kide bakarrik gara eta bi espetxeetan banatuta gauzkate.

Eta, bai, kideak elkarren ondoan egotea ezinbestekoa da. Preso kopurua gutxitu ahala egoerak okerrera egingo du, eta horregatik premiazkoa da dispertsio eta sakabanaketa politikari behingoz amaiera ematea.

Duela gutxi Zuhaitz Errasti Okzitaniara gerturatu dute eta Mikel Irastorza aske utzi, kontrol judizialpean, epaitegi batek gobernuaren erabakia baliogabetu zuelako. Aurrerapausoak direla uste al duzu?
Aurrerapausoak baino gehiago, erabaki logikoak direla uste dut. Azken asteetan Frantziako Gobernuak espetxe politikan aldaketarik eman ote duen zurrumurruak zabaldu dira. Guk zuhurtziaz jarraitzen ditugu azken erabakiak, eta, noski, positiboki baloratzen ditugu. Irailetik aurrera epaiketa bat baino gehiago izango dira Frantzian; tartean, geurea. Beraz, denborak esango du euskal preso politikoen egoera aldatzeko estatuak egiazko borondaterik ote duen.

Frantzian preso daudenek Mont de Marsaneko (Akitania) kartzelara gerturatu nahi dutela diote. Emakume izateak zaildu egiten al du lekualdatzeko aukera?
Mont de Marsanen ez dago emakumeentzako modulurik. Horrek ez du esan nahi eraiki ezin daitekeenik. Borondate kontua da guztia. Estatuek hala ebatziz gero, urtea bukatu aurretik amaitu dezakete dispertsioarekin.

Frantziako Gobernua duela hilabete batzuk aldatu da, eta orain Emmanuel Macron da presidentea. Horrek eraginik izango al du euskal presoen egoeraren aurrean?
Izan dezake. Horretarako lanean ari dira eragile hainbat; tartean, Bakearen Artisauak. Uztailean ordezkaritza bat bidali zuten Parisera, eta bertan bilera garrantzitsuak egin zituzten, besteak beste, gobernuko zenbait ordezkarirekin. Abenduaren 9rako ere hitzordua antolatu dute Parisko karriketan. Ikusiko dugu Macronen gobernuak euskal herritarren aldarrikapenei kasu egiten dien.

Maritxu Paulus Basurko abokatuak Berriari egindako adierazpenen artean, esan zuen bi data zehatz zeudela ikusteko Macronen gobernu berriaren jarrera. Horietako bat da zure eta beste bost kideren kontrako epaiketa. Bat egiten al duzu adierazpen horrekin?
Gure epaiketan keinuren bat ikus liteke agian, baina aurrerago ere bada beste hainbat epaiketa, eta horietan argituko da jarrera aldaketa orokorrik baden ala ez. Azken batean, ikasturte berriak zehaztuko du gobernu berriaren jarrera zein den.

Bakearen Artisauek epea jarri diote Frantziako Gobernuari presoen urruntzeekin amaitu dezan. Gaur hasiko den epaiketa giltzarri izan daiteke?
Lehengoan irakurri nuen Berria egunkarian Iñigo Urkullu lehendakariak esan duela Mariano Rajoyk presoekin pausoak emateko «esperantza» duela. Itxaropena izatea garrantzitsua da, baina ez da nahikoa. Hemen ekintzak dira garrantzitsuak. Garrantzitsuak ez ezik, premiazkoak. Guretzat ezinbestekoa da presoen eta iheslarien egoerari irtenbide oso bat emateko akordio zabalak eratzea. EPPK-k azken agirian adierazi du eragileekin bide orri bat adosteko prest dagoela. Lapurdi, Zuberoa eta Nafarroa Beherean ikusi ditugu jada alderdi eta jendarte eragileen arteko elkarlanak eman dituen emaitzak. Bakearen Artisauek gobernuari konpromiso argiak eskatu dizkiote, eta ziur nago, armagabetzearekin gertatu bezala, herritarren borroka eta presioa tarteko espetxe politika aldatzea lortuko dugula. Konponbiderako epemuga ezin da gehiagoz luzatu, eta Bakearen Artisauek egin duten moduan, indar guztiak jarri behar ditugu horretan.

EPPK Euskal Preso Politikoen Kolektiboak erabaki du presoek banaka hautatuko duzuela hemendik aurrerako bidea. Hausnartu al duzu erabaki horren inguruan?
EPPK-ko kideok eztabaida baten ostean ondorioztatu dugu, preso guztien kaleratzea bultzatzeko, kasuz kasu aztertuko dela bakoitzaren egoera juridikoa, eta lege baliabideak aztertuko ditugula espetxeak husten laguntzeko. Preso guztien askatasuna erdiesteko, baina, alde guztietatik bultzatu beharko da; ekimen denak dira garrantzitsuak: Kalera Kalera dinamika, urtarrileko manifestazioa, herrietako asteroko kontzentrazioak, espetxe martxak, presoei bidalitako gutunak...

Aurrera begirako bidea elkarrekin egingo dugu, azken helburua guztion askatasuna izanik. Horretarako, kolektiboko kideok batasuna, elkartasuna eta herriarenganako lotura ditugu egunerokoan ardatz.


Herritarrek behin baino gehiagotan erakutsi dizute elkartasuna: Fresnesera martxa; Le Verti faxak nahiz eskutitzak, Ekhigala ekitaldia, orain autobusa antolatu dute epaiketara... Nola sentitzen da hori guztia barrutik?
Elkarrizketa hau baliatu nahi dut nire esker ona emateko azken urteotan era batera edo bestera elkartasuna eta beroa eskaini didazuen lagun, senide eta herritar guztiei. Bestalde, eskertu nahi dut ezker abertzaleak egindako lan guztia.

Epaiketa dela eta, autobusa antolatzeko sekulako lanketa egin dute herrian. Eta nola sentitzen naizen... bada, harro, maitatua eta babestua.