'Ciaboga’ aldizkaria argitaratzeko lanetan aritu da Xabier Alberdi

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2017ko ira. 6a, 09:00
Xabier Alberdi ‘Ciaboga’ aldizkariaren aurkezpen ekitaldian, Gipuzkoako Foru Aldundiko eta Donostiako Udaleko ordezkariekin (Gipuzkoako Foru Aldundia)

Getariak ere 1917ko Kontxako Estropada jokatu zuela jakin dute ikerketa baten ondorioz.

Untzi Museoak eta Donostiako Aquariumak Ciaboga arraun aldizkari historikoa argitaratu dute 1917ko Donostiako Estropada oinarri hartuta, eta ikerkuntza lanetan aritu diren historialariak ohartu dira duela mende bateko estropada horretan Getariako traineruak ere parte hartu zuela. Xabier Alberdi historialari zarauztarra da Untzi Museoko Ikerketa Zuzendaria, eta hark landu du gaia.

«Jatorrizko Ciaboga aldizkaria 1924an argitaratu zen lehenengo aldiz, eta bertan urtero-urtero Donostiako Estropadetako saridunen zerrenda argitaratzen zuten; tartean, 1917ko estropadaren berri ere ematen zuten», gogora ekarri du Alberdik. «Dena dela, datuak biltzerakoan akats bat izan zuten. Estropada hura jokatu zuten traineruak zein izan ziren zehazterakoan, Getaria aipatzea ahaztu egin zitzaien, eta 1917ko estropadan hiru parte hartzaile izan zirela uste izan da orain arte: Pasai San Pedro eta San Juan eta Donostia». Akats hori ondoren argitaratutako Ciaboga aldizkari guztietan errepikatu zuten. «Ondoren Kontxako Estropadak ikertu dituzten historialariek Ciaboga aldizkaria erabili dute informazio iturri moduan, eta akatsa errepikatu dute», azaldu du zarauztarrak.

Alberdik eta bere taldeak, ordea, ikerketa egiteko jatorrizko dokumentaziora jo zuten, eta ohartu ziren Getariak ere parte hartu zuela. «Estropadako dokumentuetan eta garaiko egunkarietako kroniketan jaso zuten getariarrek ere 1917ko estropadan parte hartu zutela, eta hirugarren postuan sailkatu zirela gainera, pasaitarren atzetik».


Itsas ondarea

Historialariaren iritziz, garrantzitsua da estropaden gaia jorratzea, traineru estropadak «Euskal Herriko itsas ondarearen elementu garrantzitsua» direla uste baitu. «Funtsezko elementuak dira. Estropadek itsas jardueretan sortzen ziren norgehiagokak dituzte oinarrian: nor lehenago iritsi arpoia baleriari sartzera, edo zein ontzi lehenago ailegatu portura arraina ahal den preziorik onenean saltzeko». Lehia edo norgehiagoka horietatik sortu ziren estropadak, eta XVIII. mendean herri desberdinetako ontzien artean apustuak egiten hasi zirela adierazi du Alberdik. «Hori izan zen traineru estropaden jatorria».

Ciaboga berriz kalean

Ciaboga aldizkaria 1924an sortu zen, eta ia 40 urtez argitaratu zen, 1935etik 1942ra izan ezik. Edukiak beti izan ziren estropadei buruzkoak, baina euskal gizarteko gertakizun garrantzitsuenak ere bildu zituen. Hirugarren aldiz editatu zen 1992an, baina iraupen laburra izan zuen.

Aurten Kontxa 1917 kultur proiektuaren barruan berreskuratu dute aldizkaria Untzi Museoak eta Donostiako Aquariumak, eta urtero argitaratzeko asmoa dute.