Fiskalak zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du Ekhine Eizagirrerentzat

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 6a, 20:11
60tik gora lagunek bidaiatu dute Zarauztik Parisera, akusatuei babesa ematera. Argazkian, Pariseko epaitegian (Utzitakoa).

Gaur hasi da zarauztarraren eta beste bost kideren kontrako epaiketa, Parisen. Epaileak bihar emango du ebazpena, 14:00etan. Hainbat herritar bertaratu dira babesa ematera.

Zazpi urteko kartzela zigorra. Hori da gaur Ekhine Eizagirre eta beste bost kideren kontrako epaiketan fiskalak zarauztarrarentzat eskatutakoa. 2013ko maiatzaren 7an atxilotu zituzten Frantzian hura eta beste bost lagun: Raul Aduna gasteiztarra, Andoni Goikoetxea tolosarra, Barrundiako Igor Uriarte eta Arrasateko Julen Mendizabal eta Kepa Artauz. Goikoetxea, Uriarte eta Artauzentzat ere zazpi urteko kartzela zigorra eskatu du fiskalak; Mendizabalentzat eta Adunarentzat, berriz, zortzi.

Sei kideen kontrako epaiketa lau urte eta inguruko itxaronaldiaren ondoren heldu da. Hain zuzen ere, gaur izan da epaiketako lehenbiziko saioa, Parisko Palais du Justice epaitegiko 16. aretoan. 13:30ean hasi dute eta 16:00ak bitartean epaileak akusazioak irakurri ditu.

Era berean, epaituek testu bat irakurri dute, Urola Kostako Hitza egunkariari zarauztarrak eskainitako elkarrizketan aurreratu bezala. Kideen artean adostutako testuarekin euren jarrera zein den azaldu dute. Besteak beste, Euskal Herriko egoera politikoaren analisia egin dute, elkarrizketarako garaia dela nabarmendu, Espainiako zein Frantziako gobernuei mahai batean esertzeko eskatu, eta baita presoen nahiz iheslarien egoerari konponbidea emateko galdegin ere.

Atsedenaldiaren ondoren, 17:15ean heldu diote berriz ere auziari. Kasu horretan, fiskalaren txanda izan da. Bertaratutako batek Urola Kostako Hitzari jakinarazi dionez, fiskalak kide bakoitzarentzat aipatu espetxe zigorrak eskatu ditu, argudiatuz, besteak beste, erakunde armatua «lozorroan» dagoela eta «edozein momentutan» aktiba daitekeela.

Ondoren, akusatuen abokatu Miren Illarretak izan du defentsarako tartea. Horrek ETAren armagabetzea kontuan izateko eskatu du eta «ez egiteko muzin» gaur egungo egoera politikoari, beste hainbat konturen artean.

Epaiketako bigarren eta azken saioa bihar izango da, hain zuzen ere, epaileak ebazpena jakinarazteko. 14:00etarako dago deituta saioa.


60tik gora lagun

Zarauztarrari nahiz beste bost kideei babesa eskaintze aldera, atzo iluntzean 60tik gora lagun irten ziren autobusez Zarauztik Parisera. Zarauztarrez gain, beste presoen herrikideak ere batu ziren bidaia horretara. Bertan izan denak esan duenez, 50 bat lagunek izan dute aldi berean epaiketara sartzeko aukera; 15 bat geratu dira kanpoan bitartean. Hala ere, txandaka, guztiek izan dute aukera akusatuak ikusi nahiz entzuteko.

Epaiketako goizeko saioan, defentsako abokatuak epaileari eskatu dio bertaratu diren senitarteko nahiz gertukoei aukera emateko Eizagirre eta gainerako presoak besarkatzeko. Atsedenaldian hausnartuko zuela erantzun du horrek. Arratsaldeko saioan ezezkoa eman du, eta bihar 14:00etan izango zutela horretarako aukera adierazi zuen. Akusatuen herrikideak ez dira biharko saioan izango, ordea. Nahiz eta epaiketak bihar jarraituko duen, gaur iluntzean dira herritarrak itzulerako bidea hartzekoak.

Dena den, bertaratutakoek txalo eta oihu artean agurtu dituzte Eizagirre, Aduna, Goikoetxea, Uriarte, Artauz eta Mendizabal.