Urrian hasiko dira Errotaberrin uholdeei aurre egiteko lanekin

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 7a, 12:47
Pasa den asteko euriteak uholdeak eragin zituen gune horretan. (Babes Zibila Zarautz)

Besteak beste, Olaa erreka bideratuko dute, urbanizazioko aldatsak goratu, ubidea zabaldu eta inguruko landareria berreskuratuko dute. 20 hilabete iraungo dute lanek eta 4.454.388,52 euroko aurrekontua izango dute.

URA agentziak urrian abiatuko ditu Olaa errekan uholdeei aurre egiteko eta ingurumen egoera hobetzeko lanak. Agentzia horretatik jakinarazi dutenez, gune horretan industria jarduera "esanguratsuak" daude, eta azken euriteek ondorioak izan dituzte bertan.

Hori dela eta, obra horiekin uholdeek Errotaberrin industrialdean sortzen dituzten kalteak murriztea dute helburu. Hala, erreka desbideratuko dute 1.200 metroan, estaldurarik gabe eta "ahal den tarte handienean" ibai-ohe naturalari eutsiz.

Era berean, Errotaberriko urbanizazioko aldatsak goratuko dute. Ubidea zabalduko dutenez, aurreikusi dute hiru zubi berri egitea Itur, Urraga eta Etxetxo inguruan. Halaber, gaur egungo 350 metroko estaldura kenduko dute, horrek areagotzen baitu uholde uneetan ur goraldiak izateko joera eta zonalde horretan Olaa eta Iñurritza errekak duten zabalera txikiak ez duelako ura husten laguntzen.

4,5 milioiko aurrekontua

Era berean, Olaa zein Iñurritza erreken ertzak berreskuratuko dute, landareak zein zuhaitzak landatuz. Bide batez, lanak baliatuko dituzte Arundo donax espezie inbaditzailea erauzteko. 

Lanok malda gutxiko eremuan egingo dira, zehazki, autobidearen hegoaldera dagoen gunean, Urteta auzora igotzeko errepidearen ondoan. Obren aurrekontua 4.454.388,52 eurokoa da eta 20 hilabete iraungo dute.

Erlazionatuak