Gloria Vazquez PSE-EEko bozeramaile, Udal Gobernuko kide eta Parekidetasun zinegotziak abuztuaren 12an Facebook bidez egindako adierazpenak "oso larritzat" jo ditu EH Bilduk. Oraindik ere ikusgai dago sarean, gaztelaniaz, Anna Gabriel CUPeko parlamentariari erreferentzia eginez idatzitakoa: "Hainbestekoa da lotura, bat egiten dutela eusko nazi estiloko orrazkeran ere". Erreakzio ugari egon ziren sare sozialetan horren inguruan.
EH Bilduko Ane Arrutik adierazi du hori adierazi izana "are larriagoa" dela duen ardura publiko zein politikoa kontuan izanda: "Parekidetasun saileko arduraduna izanda, are onartezinagoa iruditzen zaigu ile orrazkeragatik emakume politikari batekin sartzea". Bizikidetza ikuspegitik, Arrutik gaineratu du Vazquezek argi utzi duela "herritar multzo batekiko duen gorrotoa". Adierazpenok bizikidetzaren eta berdintasunaren bidean kontrako norantzan doala nabarmendu du Mikel Goenaga EH Bilduko bozeramaleak.
Hori dela eta, koalizioak Bizikidetza batzordea deitu zuen Vazquezek gaiaz azalpenak eman zitzan eta zuzenketa eskatzeko; aurreko ostiralean egin zuten. "Erantzun zigun haren hitzetan ez zegoela gorrotorik, irainak guk bakarrik ikusten genituela, bere adierazpen askatasuna errespetatu behar dela eta gu asaldatu garela bere iritzia eman duelako", azaldu du Arrutik.
"Isiltasuna"
Bestalde, batzordean EAJko ordezkariek izandako jarrera "kezkagarria" iruditzen zaie EH Bilduko ordezkariei. Arrutik zehaztu du alderdi jeltzaleko zinegotzi batek adierazi zuela oso gogorra egiten zitzaiola adierazpena eta Vazquezen alderdikoa izango balitz ez lukeela onartuko. EAJko beste ordezkari batek, nahiz eta larri aizan, iritzi bat zela azaldu zuen, Arrutiren arabera.
Dena den, EAJren "isiltasuna" salatu du Goenagak, eta alderdi horri naiz Xabier Txurruka alkateari neurriak hartzeko eskatu dio egoera hori berriz ere errepika ez dadin. "Isiltasun horrekin gorrotozko adierazpen sexista hori babesten du eta ez da zilegi". Gaineratu du EH Bilduko zinegotzien lana baldintzatzen duela gertatutakoak, "egunero adierazpen hori egin duenaren alboan" lan egin behar baitute.
Halaber, eskua luzatu dute elkarbizitzan sakontzen jarraitzeko elkarlanerako, nahiz eta aitortu duten "gorrotoz betetako adierazpen sexista horrek ez duela laguntzen elkarlan egokia bideratzen".