Euskal Astea 2017

"Festa eredua ez da guk amesten duguna bihurtzen"

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 10a, 16:34

Atzo egin zuen Gurekin Jai festa batzordeak azken topa. 20:00etan txosnaguneko oholtza gainera igo ziren hainbat urtetan batzorde hori osatu duten herritarrak.

 Gogoratu zuten festa batzordea "urtez urte eta urte osoan zehar eskutik helduta elkarrekin lan egin duten inurritxoek" osatzen dutela, eta "pisu handia" jarri dutela festak zein txosnagunea "parte hartzaileak, euskaldunak, feministak eta osasuntsuak" izan daitezen.

"Zerumuga urruti genuen arren, pixkanaka hara gerturatzeko asmoz pasatu ditugu orduak eta orduak. Beste inurri asko gertutatzen zaizkigu poza topatzera". Aitortu zutenez, hori da batzordekideak "harro" sentiarazten dituena.

Bide horretan "asko ikasi eta gozatu" dutela adierazi zuten, baina azken urteetan egoera zaildu zaiela: "Bideak geroz eta zailagoak izateaz gain, udalak jarritako traba lotsagabeengatik batzuetan indartsuago eta bestetan ahulago sentitu garen arren, mimoz zaindutako lekua ez da beti nahiko genukeena. Bideak estutu zaizkigu eta sortu nahi duguna handiegi geratu zaigu".

Aitortu zuten "kultura globalizatu eta komertziala geroz eta zabalduago" dagoela, eta horrek "herritik sortutako festak bakartu eta desegiten" dituela. "Guk, herritarrok, udalak sustatzen duen eredu globalizatu hau iraultzkeo gaitasuna daukagu, baina orain gure funtzionatzeko erak agortuta daude eta, ondorioz, festa eredua ez da guk amesten duguna bihurtzen".

Hitz hartzearen ondoren, topa egin zuten bertan bildu ziren herritarrekin. "Bagoaz, agian bidean topatuko gaituzue, azken topa azken brindisa izan ez dadin eta txosnagunea ez leku bihur ez dadin".

Erlazionatuak

Pauso bat atzera, jendea aktibatzeko

Aritz Mutiozabal 2017 ira 01 Zarautz