Askotariko diziplinetan

Aritz Mutiozabal 2017ko ira. 11a, 10:10
Besteak beste, Zarauzko Torre Luzearen tailua jarri du erakusgai (Aritz Mutiozabal).

Juan Mari Gibelalderen artelanak daude ikusgai Lukas ardotegian, irailaren 20a bitartean.Tailuak, eskulturak, keramikak eta margolanak paratu ditu bertan.

Ipar kaleko Lukas ardotegiak herriko sortzaileei beren artelanak erakusteko aukera eskaintzen jarraitzen du. Abuztuaren bigarren hamabostalditik Juan Mari Gibelalderen eskulturek, tailuek, keramikek eta margolanek hornitzen dituzte bertako paretak eta apalak, eta irailaren 20a bitartean egongo dira ikusgai.
«Betidanik sentitu dut eskulturgintzarako zaletasuna, beti jarri baitut arreta besteek egindako obretan», dio egileak. Eskulturak lantzeari, ordea, erretiroa hartu zuenean ekin zion, duela bost urte inguru. «Aurretik ezinezkoa zitzaidan, baina jubilatu nintzenean Debako Arte Eskolan eman nuen izena, eta hiru ikasturte egin nituen bertan, batez ere harria lantzen ikasteko. Bitartean, beste arte diziplina batzuk ere jorratu ditut, margogintza eta keramika, kasu».

Egurra eta harria lantzeko irrika aspalditik datorkiola azaldu du. Nire lanbidea ere ez nuen kasualitatez aukeratu: modelogilea izan nintzen, eta egurrarekin lan asko egindakoa naiz. Beraz, egurra lantzea ezaguna zitzaidan, baina harria ez nuen inoiz landu, eta jakin-mina neukan zer-nolako sentsazioa sorraraziko ote zidan».


Jendaurrean lehen aldiz

Honako hau paratu duen estreinako erakusketa du. Edaritegiko kide Jesus Agoüesek proposatu ziola jakitera eman du sortzaileak: «Adiskidetasun handia du­gu. Urte askoan Zarauzko Triatloia antolatzen aritu ginen elkarrekin, eta nire lanak tabernan jartzeko eskatu zidan, eta horrelaxe animatu nintzen».
Jendeaurrean erakusteak inolako kezkarik ez diola eman azaldu du egileak, «baina egia da jende asko harrituta geratu dela». Alde batetik, hainbatek kirolarekin eta, batik bat, triatloi munduarekin lotzen duelako, eta bestetik, erakusketa berean materia ezberdinak erabili dituelako. «Oso gustura nago erakusteko aukera izan dudalako, eta ez dut gehiago eskatzen. Nire helburua da lan hauek egiten gozatzea».

Guztira, 16 pieza jarri ditu erakusgai, eta askotariko gaiak landu ditu bakoitzean: besteak beste, Aralarko San Miguel irudia; Jorge Oteizaren Arantzazuko 14 apostoluen eta Torre Luzearen tailuak; Kontxako barandak, eguzkiloreak, zaldiak eta mahasti bat jasotzen dituen azuleju jokoa; garai bateko Agerre Goikoa baserriaren pintura; eta harrian landutako Arantzazuko Ama Birjina edota oraindik bukatzeko duen busto bat.

Arantzazu eta Aralar bezalako erreferentziak «sinbolikoak» zaizkiola onartu du Gibelaldek: «Toki enblematikoak direlako aukeratu ditut, ez arrazoi erlijiosoengatik». Horrekin lotuta, «Oteizak eginiko lana ikaragarria iruditzen zait. Izan ere, hamabi apostoluen eskemarekin hautsi zuen, eta hamalau jarri zituen. Erretxina izanagatik ere, izaera handikoa pertsona izan zen».

Erlazionatuak