Aner Peritzek irabazi du Lazkao Txiki bertso paper lehiaketa

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 11a, 10:23

Gazteen mailako saria jaso du zarauztarrak, Libre izan hadi behintzat lanagatik. Atzo izan zen sari banaketa, Ordizian.

Libre izan hadi behintzat

1.-Bat ez da eroso sentitzen
sentituz gero jendaila,
noiz amaitzen da norbere
buruakiko bataila?
Muxuz, maitasunez, malkoz…
bete ondoren masaila;
bakoitzak bere bidea,
bakoitzak bere abaila.
Arazoak arazo ta
abantailak abantaila.
Harrera familia naiz,
baina zein da honen maila?
Harrera erraza dela,
joanera dela zaila.

2.-Haur usteko bat baino ez
hintzen bi belarrirentzat,
halere egiak ez dik
ipini hau seinaletzat.
Kalteak ekar zitzakek
herentziak, oinordetzak,
eta zer une bat soilik
hartuz gero oinordetzat?
Joatean etorrera
ez hartuagatik aintzat.
Beti bigarren etxea
izango gaituk hiretzat.
Ez diat barkatzerik nahi,
baina uler ezak behintzat.

3.- Estimuaren afera
delako zurrumurrua,
sortu dezatela amets
biluztuen esparrua.
Babesik ezaren isla
soilik duk giza-larrua,
beraz, aska ditzaala
kanpoa eta barrua.
Suminduagatik, dena
izan baituk amarrua.
Askatu ahalko diat
barreneko amorrua
konturatu bahaiteke
ez dela inoren errua.

4.- Amets egiten duenak
berdin lo edo itzarrik,
amets bat deuseztatzean
ikus zezakek izarrik.
Eta hire ametsean
(ez doakik esker txarrik)
zubi bat osatu ditek
etxe hontako bost harrik.
Nahiz falta sendotasunik,
nahiz eta falta indarrik,
lana ez diat ondo egin
(ez zagok esan beharrik)
izan banaiz pasa eta
jarraitzekoa bakarrik.

5.- Nola eman zidak hainbeste
hi bezalako batek, hik?
Ez duk erraz igarotzen
halako une batetik.
Alde batera neroni
hire onura bestetik.
Nahiago nikek gainera
bueltan etorri bahenkit.
Zubia pasa ondoren
aspaldi aldamenetik,
berriz ibai bera pasa
beharko bahu gainetik;
mesedez igaro hadi
lehengo zubi beretik.

6.-Hainbeste erretxin-aho
eta barren maiteminduk
zainduta, baina lerdea
tantarik tanta zeriguk.
Nahiago nikek lehenago
prestatu izan baninduk,
ulerterraz ez den arren
joanerraza egiguk.
Etxe hau oraindik ere
Bilal! oihuka ari duk.
Beso-zabal, esku-bete,
hartuko haugu beti guk…
irakaspen bat utzi ta
bihotz bat eraman diguk.

7.-Gurean bost bihotz dauzkak
irrifar baten peskizan,
lehenbizi latz sufrituak
senidetzat onar hitzan.
Baina gaurtik aurrera zer?
Gelditzen bahaiz gerizan,
beste inortxo ez bazaik
ahalegintzen zubigintzan,
gauzaez sentituz gero,
nik sentiarazi gisan,
sekula uzten bahaute
bazter batera bizitzan…
zoriontsu ezin baduk,
gutxienez libre izan.

8.-Hasiz gero bide baten
parean erdi-erortzen
segi loturak askatzen,
eta askatuak lotzen.
Hemen segiko diagu,
hik lehen lotuak sendotzen,
etorri lasai bidea
bazaik motzenetan motzen.
Nahiz gure izenak ahaztu,
ahaztu nondik gatozen,
inoiz ahantz ez dakian
oihu egingo diat ozen
muxuak ta besarkadak
ematen eta jasotzen.


9.-Baina denborak aurrera
egiten duen neurrira,
atzera egiten diagu.
Batzuetan atzerrira.
Begi bakoitzak hartzen dik
eguzkiaren distira.
Datorrenari norberak
jartzen ziok perspektiba.
Agurra eman nahi nikek,
belarritik belarrira:
muxu handi bat ta hurren
arte batekin segida.
Eskuak emanda eta
begietara begira.