Hasiera gazi-gozoa Zarauzko Eskubaloiko lehen taldeentzat

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 11a, 14:37
Amenabarren patida Ars Palma del Rioren aurka (Luis Epelde).

Amenabarrek garaipena erdietsi zuen ostiralean etxean, baina Aialak galdu egin zuen atzo Kantabrian.

Aitor Urbitarte Txangurroren mutilek dinamika onarekin ekin diote ligari. Ostiralean jokatu zuten lehen jardunaldia, Aritzabaltadeko kantxan, eta 21-19 irabazi zuten Zumosol Ars Palma del Rio taldearen aurka. Ongi abiatu zuten partida Amenabarrek, eta lehen zatiaren amaieran 6 goleko aldea ere atera zioten aurkariari. Bigarren zatian, ordea, aldeak murrizten joan ziren bisitariak, eta norgehiagoka bukatzeko 15 minuturen faltan berdinketa lortu zuten. Handik aurrera lehia parekatua izan bazuten ere, zarauztarrek 2-3  goleko aldea ateratzea lortu zuten azken minutuetan, eta azkenean, 21-19 irabazi zuten.

Aialako neskak, aitzitik, ez zuten zorte bera izan. 29-23ko emaitzarekin galdu zuen igandean Santanderren (Kantabria, Espainia), Uneatlantico BN Pereda taldearen aurka. Hasieratik nagusitu ziren kantabriarrak, baina zarauztarrek ez zuten amore eman eta bi goletara ere jarri ziren bigarren zatiaren hasieran. Hala ere, aurkariek goranzko martxa hartu zuten, eta aldeak handitzen joan ziren neurketa irabaziz.