«Liburu batean idatzita bezala atera zaigu guztia; eta oso gustura gaude»

Aritz Mutiozabal 2017ko ira. 12a, 07:00
Gorka Aranberri trainerua gidatzen (Aritz Mutiozabal).

Orioko patroi Gorka Aranberrik (Zarautz, 1987) Kontxako bosgarren bandera irabazi berri du.

Zalantzarik gabe, historikoa izan zen igandeko estropada.
Hala izan zen. Lehen jardunaldian errekorra txikitu zuen Urdaibaik, eta historikoa izan zen marka berria jarri duen taldea gainditzea itsasaldi handiko egun batean. Lehen aldia da, gainera, Oriok Kontxako estropada bati buelta ematen diona, eta alde horretatik ere handia izan zen. Gauza asko pilatu ziren igandean eguna historikoa bi­hurtu zutena.

Arraunlariok al zineten bandera etxera ekarri zitekeela ge­hien sinesten zutenak?
Azkenean, geure esku zegoen eta oso ongi prestatuta iritsi gara irailera. Arraunlari guztiok kontziente ginen sasoian gendeula eta aukerak bagenituela, nahiz eta aurkariak oso azkar ibili. Lehen jardunaldian gazi-gozo horrekin geratu ginen. Txanda ezberdinak tokatu zitzaizkigun eta gure ustez baldintzak ez ziren besteenak bezain onak izan, eta nahiko triste bukatu genuen. Bagenekien itsaso pixka bat behar genuela estropadari buelta emateko eta Urdaibairi irabazteko. Azkenean, itsaso zakarra sartu zen, eta aste osoa ibili ginen horretarako prestatzen. Egunean lan hori bikain atera zen, eta bete-betean asmatu genuen.

Balentriaren zati handi bat zuri dagokizu. Olatuak hartzen iaioa zarela erakutsi baituzu.

Halako itsasaldiko estropadetan beti patroiarentzat izaten dira merituak edo erruak. Erantzukizun hori bere gain dagoela ematen du. Ontziaren gidaritza patroiak darama, baina bidea irekitzeko lan handia egin behar da eta hori patroiak bakarrik ezin du egin. Ni ibili naizen traineruetan arraunlariek ekarpen handia egiten dute itsasoan olatuak hartzeko, eta igandean ere horrela izan zen. Urte osoan lehiatu garen bezala, bagenekien ontzia maila onean eramaten baldin bagenuen aukera handiak izan genitzakeela, eta, egia esan, txalotzeko lana egin zuten arraunlariek.

Bandera lortu zenutenean malkoak atera zitzaizkizuen kide gehienei...
Urte zailak izan dira oriotarrentzat. Ni aurten iritsi naiz, baina hasierako egunetan nabaritzen zen zauritutako arraunlariak zirela eta pixka bat norabidea galduta zeukatela. Entrenatzaile eta arraunlari berriekin hutsetik hastea bezala izan zen, eta neguko lehen entrenamendutik taldea sendotzen joan da. Entrenatzaileak esan zigun bederatzi hilabete geneuzkala aurretik, eta haurdunaldi bat bezala izango zela: poliki-poliki zaintzen joan behar genuela, erditzeko unean, Kontxako estropadan, gure onena emateko eta fruitua jasotzeko. Liburu batean idatzita bezala atera zaigu guztia, eta oso gustura gaude.


Herriak ere guztiz bat egin du traineruarekin.
Kontxa eta bandera gose handia zegoen. Aspaldian banderarik irabazi gabe zebilen, eta udan maila eman du taldeak, banderak lortuz. Gero, normala denez, gehiago eskatzen zuten zaleek. Kontxa irabazteko aukera ikusi da, eta giro berezi bat sortu da. Lehen jardunaldian alde handia atera ziguten arren, herriak bazuen fedea. Ostiralean, esaterako, sekulako harrera egin ziguten entrenatzera atera ginenean. Herriak sinesten zuen, guk sinesten genuen, eta igandean sinesmen hori plasmatu genuen geure arraunketarekin. Perfektua izan zen, eta bandera etxera ekartzeko balio izan zigun.


Zuri dagokizunez, Kontxako bosgarren bandera da lortu duzuna. Gehien irabazi duen patroien zerrenda historiko horretan kokatu zara, ezta?
Lantokian esan didate hirugarren kokatu naizela lujanbiotarrekin berdinduta... Nork esango zidan 16 urterekin traineruan hasi nintzenean. Orduko nire ametsetako bat zen Kontxan parte hartzea zen. Zarautzekin lortu nuen bi urtez jarraian. Gero talde handi batzuetan irabazteko aukera izan dut: momentu on batean harrapatu nau, talde, entrenatzaile eta arraunlari multzo on batzuekin, eta bost aldiz irabazi dut. Oso eskertuta nago aukera eman didaten entrenatzaile eta arraunlari guztiei.