Aurkeztu dute Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 12a, 13:15
Gaur aurkeztu dute 17. Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia (Bertsozale elkartea).

Felix Zubiak Segurako kanporaketan hartuko du parte, irailaren 30ean, eta Nahikari Gabilondok Zumaiakoan, urriaren 8an.

Irailaren 23an hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa, eta abenduaren 17ra bitartean, eskualdeko hiru bertsolari lehiatuko dira txapela eskuratzeko. Hain zuzen, Beñat Lizaso azpeitiarra, Jon Maia zumaiarra eta Felix Zubia eta Nahikari Gabilondo zarauztarrak izango dira oholtza gainean. Azken honek Iñaki Gurrutxagaren ordez hartuko du parte, oriotarrak uko egin baitio txapelketan lehiatzeari. Horrez gain, Zumaian jokatuko dute kanporaketako bat, urriaren 8an. Gai jartzaile lanetan, berriz, Amaia Ugalde Azkoitiko bizilaguna arituko da, besteak beste.

Gaur aurkeztu dute Bertsolari Txapelketa Nagusiaren 17. edizioa, Bilbon. Guztira, 43 bertsolarik hartuko dute parte, eta 14 saio egingo dituzte. Lehenengo kanporaketa faseko egutegia jakinarazi dute: Zubia Segurakoan izango da, irailaren 30ean, Ander Fuentes Itturri, Beñat Iguaran, Jon Martin Etxebeste, Nerea Elustondo eta Unai Gaztelumendirekin batera.

Zumaiako saioan, Nahikari Gabilondok hartuko du parte, Arkaitz Oiartzabal, Asier Otamendi, Ibon Ajuriagojeaskoa, Miren Artetxe, Nahikari Gabilondo eta Nerea Ibarzabalrekin batera. Lizasok eta Maiak, berriz, azken finalaurrekoan hartuko dute parte, Tolosan, urriaren 14an. Han izango dira Eneko Lazkoz, Etxahun Lekue, Maddalen Arzallus eta Xabat Galletebeitia ere.

Sarrerak salgai daude dagoeneko, www.bertsosarrerak.eus atarian. Guztiek eros ditzakete final laurdenetako sarrerak, baina finalaurdekoak eta finalekoak bazkideek soilik lortu ditzakete urriaren 2ra bitartean.