«Diotenez, inor ez da profeta bere herrian, baina ni oso maitatua sentitzen naiz». Aipu hori egin zuen Angel Illarramendik bere omenezko kontzertua aurkezteko eginiko ekitaldian. Ez zaio arrazoirik falta musikari zarauztarrari. Izan ere, abuztuaren 17an jarri zituzten salgai emanaldirako sarrerak Sanz Enea kultur etxean, eta hurrengo egunerako jada agortuta zeuden; jende asko, gainera, sarrerarik gabe geratu da. Bihar izango da Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Donostiako Orfeoia eta Zarautz Abesbatza batuko dituen emanaldia, 22:00etan hasita, Aritzbatalde kiroldegiko kantxan; sarrerako ateak 21:30ean zabalduko dituzte.
Kontzertu monografikoa izango da. Hain zuzen ere, musikagilearen hiru obra eskainiko dituzte: Zarautz (2002), Klarinete, piano, biola eta oskestrarako kontzertua (1997) eta Zazpigarren sinfonia (2007), hurrenez hurren. Azkeneko bi piezen zuzeneko estreinaldia izango da, gainera; Zarautz iazko otsailean jo zuten lehen aldiz, Bilboko Euskalduna jauregian. Programako hiru pieza horiek joko dituzte printzipioz, baina baliteke ezustekoren bat ere egotea.
Kontzertuan, orkestra sinfonikoko hainbat bakarlarik protagonismo berezia hartuko dute: Juan Navarro klarinete-jotzaileak, Delphine Dupuy biola-jotzaileak, Josu Okiñena piano-jotzaileak, Nora Goyalde kontralto-jotzailea eta Aitzol Iturriagagoitia biolin-jotzaileak.
Angel Illarramendik bertatik bertara jarraituko du emanaldia, bere emaztearekin eta familiarekin batera. Haiekin batera, besteak beste, ondorengoak izango dira ohorezko lekuan: Kultura sailburu Bingen Zupiria, Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura zuzendari Maria Jose Telleria, aldundiko Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa, Zarauzko alkate Xabier Txurruka, udaleko Kultura zinegotzi Nekane Iribar, Orfeoiko lehendakari Jose Mari Etxarri eta Euskadiko Orkestrako zuzendari nagusi Oriol Roch. Kontzertuaren bukaeran, omenaldia biribiltzeko, oroigarri bat emango diote konpositoreari.
Zarauzko Abesbatzako eta Donostiako Orfeoiko kideak asteleheneko entseguan (Zarautz Abesbatza).
Etxekoak ilusioz
Zarauzko Abesbatzako kideak «indartsu» eta «ilusioz» daudela jakinarazi du abesbatzako zuzendari Jaione Eskuderok. Astelehenean egin zuten lehen entsegua Donostiako Orfeoiarekin eta Euskadiko Orkestra Sinfoniko zuzendariarekin, orfeoiaren Donostiako egoitzan, eta «oso ongi atera zen dena».
Atzo arratsaldean, berriz, hiru taldeak elkarrekin aritu ziren emanaldia prestatzen, orkestrak Miramonen duen egoitzan, eta gaur entsegu orokorra egingo dute toki berean. Ostiralean, kontzertuaren aurretik, azkeneko proba saioa egingo dute kiroldegian bertan. Udan beraien martxan jarraitu dutela dio Eskuderok, baina omenaldi kontzerturako «entsegu bereziak» tartekatuz.
Abesbatzarentzat «ohore bat» da emanaldian parte hartu ahal izatea, «gehien bat, maila handiko taldeekin ariko garelako». Zuzendariaren arabera, «gauza handia» da beraientzat: «Errespetua ematen du, baina urduritasunik ez. Aldi berean, gogotsu gaude». Zazpigarren sinfoniako azken zatian abestuko du abesbatzak. «Zailtasun dezente dauka, tesitura aldetik oso goian delako. Dena dela, zati laburrak dira eta egiteko modukoak».