Bertako produktuei balioa emateko

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 14a, 18:17
Eusko Label Festen aurkezpena, gaur eguerdian. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Hilaren 18tik 24ra Eusko Label produktuak ezagutzera emateko askotariko ekitaldiak izango dira, Eusko Label Fest jaialdiaren barruan.

Irailaren 18tik 24ra, astebete eskainiko diote Zarautzen bertako produktuei balioa eman eta Eusko Label produktuak ezagutarazteari, guztia "festa giroan". Hain zuzen ere, helburu horrekin antolatu dute beste urte batez udalak eta Zurekin ostalarien elkarteak Zarautz Basque Label Fest jaialdia, Hazi, Gipuzkoako Sagardogileen elkartea, Eusko Label, Euskaber, Barrenetxe, Lumagorri, KM 0 baserria eta Eusko Jaurlaritzaren babesarekin.

"Indarrak batu ditugu gurea denari bere lekua emateko", nabarmendu du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak. Adierazi du bertako produktuak bultzatzeko beste ekimen bat dela honakoa eta, horri lotuta, gogoratu du udalak Zarautzen Buy herriko merkataritzaren aldeko kanpaina abiatu zuela eta Merkatutik zuretzat zikloak ere aurrera jarraitzen duela. Hain justu, merkatu plazako baserritarren eta saltzaileen aldeko ziklo horrek bat egingo du hilabete honetan Zarautz Basque Label Fest jaialdiarekin.

Irailaren 23an, jaialdiko egun nagusian, ziklo horretako saioak emango dio hasiera egunari. 11:00etatik 14:30era Eusko Label produktuekin egindako pintxoen aurkezpena eta dastatzea izango da Merkatu plazako lehenbiziko solairuan. Kasu horretan, Aiala sukaldaritza eskolako hainbat ikaslek Euskaber arrautza eta Lumagorri oilaskoarekn osatuko dituzte pintxo eta plater bana. Bertan izango dira elkarte horietako ordezkariak, produktuak aurkezte aldera.

Showcooking-aren ondoren, Basque Label Festerako prestatutako produktuak aurkeztuko dituzte ekoizleek eta pintxo horiek dastatzeko aukera izango da, Eusko Label sagardoarekin, Getariako txakolinarekin eta Arabako Errioxako ardoarekin lagunduta. Hori izango da hilabeteroko hitzordua "are bereziagoa" bilakatuko duena. 11:30etik 14:00etara, berriz, Lege Zaharren enparantzan haurren txokoa atonduko dute. Besteak beste, Eusko Label produktuekin lotutako tailerrak, jolasak eta eskulanak izango dira.

Eguna biribiltzeko, Mikel Garaizabal enologoak eta Sonia Villamor aktoreak gidatuta, antzerkia eta dastaketa uztatzen dituen Goza itzazu zentzumenak Eusko Label produktuekin ekitaldia izango da, Lege Zaharren enparantzan, 19:00etatik aurrera. "Gure lurra eta produktuak era atsegin eta dibertigarrian ezagutzeko bidaia eskainiko dute", aurreratu du Larrañagak. Turismo bulegoan eskura daitezke sarrerak, 5 euroan. 

Aldi berean, Joxe Mendizabalekin kantu poteoa egiteko aukera izango da 20:00etatik 22:00etara erdiguneko kaleetan.

Sagardo Txapelketako finalerdia, ostiralean

Iazko "arrakasta" ikusita, Euskal Herriko III. Sagardo Txapelketa Herrikoiko finalerdietako bat hartuko du aurten ere Zarautz Eusko Label Festek. Ostiralean izango da, Merkatu plazako lehenbiziko solairuan. Euskal Sagardoa elkarteko ordezkari Olatz Mitxelenak azaldu duenez bertaratzen direnek bertako produktuekin prestatuko afaria–hestebeteak, entsalada, ajoarrieroa, txerri solomo burua, gazta eta sagar dastatzeko aukera izango dutela, 10 sagardoz lagunduta. "Funtzionamendua erraza da: txartela hartu, eseri, jan, edan eta iritzia eman beharko dute parte hartzaileek".

Txartelak 26 euro balio du eta dagoeneko salgai daude Satxota eta Izeta sagardotegietan nahiz gipuzkoako@sagardotegiak.com helbidera idatzita. Aurreratu du 2018ra begira Euskal Herriko Sagardo Txapelketako finala Zarautzen izan daitekeela. Afaria eta lehiaketa uztartuko dituen ekitaldi hori 20:00etan hasiko dute.

Era berean, aste osoan zehar, hilaren 18tik 24ra Eusko Label produktuekin egindako pintxoak eskainiko dituzte Zurekin elkarteko Euromar, Euskalduna, Iruña, Karlos Argiñano, Kirkilla Enea eta Txiki Polit establezimenduetan. 2,5 euro ordainduta eskuratu ahalko dira pintxoak nahiz edaria.

Turismo zinegotziak adierazi du bildutako dirua Hotz Zarautz erakundeari emango diotela, errefuxiatuen alde lanean jarrai dezan.