Zarautzen jokatuko dituzte Txirrindularitza Egokituko Kriteriumeko bi probak

Aritz Mutiozabal 2017ko ira. 15a, 09:00
Zarauztarrako kideak eta GKEFko arduraduna aurkezpenean (Aritz Mutiozabal).

Asteburuan lehiatuko dira parte hartzaileak; erlojupeko saioa izango dute bihar, eta errepidekoa etzi. Juan Mari Urdangarin Xuper zenaren oroimenez antolatu dute aurtengo txapelketa.

Zarauzko Hiria X. Txirrindularitza Egokituko Kriteriuma jokatuko dute asteburuan, Zarauztarra Txirrindulari Kirol Elkarteak Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioarekin elkarlanean antolatuta. Txapelketa erlojupeko eta errepideko probaz osatuta dago, eta orain arte Andoainen egiten zuten lehena, eta Zarautzen bigarrena. Aurten, ordea, Zarautzen bertan jokatuko dituzte biak. Horrez gain, berrikuntza gehiago ere badira; izan ere, iaz zendu zen Zarauztarrako kide eta «kriterium honetako taldeburu» Juan Mari Urdangarin Xuper, eta aurtengo kirol ekitaldia haren oroimenez antolatu dutela azaldu du txirrindulari elkarteko kide Ibai Beraziertok.

Azken urteetan bezala, Zarauzko Hiriaz gain, Gipuzkoako eta Euskadiko txirrindularitza egokituko txapelketak jokatuko direla gaineratu du Zarauztarrako kide eta probako zuzendari tekniko Jesus Aranak. Bere esanetan, «Estatu osotik etorritako punta-puntako 45-50 txirrindularik hartuko dute parte», lau modalitatetan: bizikleta, handbike, tandem eta trizikloan. Horien artean, herriko txirrindulari elkarteko Jose Angel eta Josu Arrotaonaindia anaiek hartuko dute parte tandemarekin.

Banakako erlojupeko saioa larunbat arratsaldean jokatuko dute, 15:30ean hasita, eta Zuberoa kalean hasi eta bukatuko da. Parte hartzaile bakoitzak 1,4 kilometroko  zirkuitu lau bati hainbat bira emango dizkiote; modalitatearen eta mailaren arabera, itzuli kopuru ezberdina zehaztu dute. Errepideko proba, berriz, igande goizean egingo dute, 09:30­ean hasita. Irteera neutralizatua Lege Zaharren enparantzatik egingo dute, ondoren irteera ofiziala egiteko Nafarroa kaletik, Turismo Bulego paretik . N-634 errepidean jokatuko dute lasterketa, Zarautz eta Getaria artean hainbat itzuli emanez; Hotel Zarautzen aurreko biribilgunean emago dute buelta txirrindulariek.

Txirrindularitza egokituko probak direla eta, hainbat kale itxiko dituzte egunotan trafikoarentzat. Bihar, Zuberoa, Herrikosoro eta Gurmendi kaleak, 14:30­etik 18:30­era; eta igandean, Getaria eta Zarautz arteko N-634 errepidea, Hotel Zarautzen pareraino, 09:30­­­etik 12:00­etara. Garraiobide publikoak, ordea, mantendu egingo direla azaldu zuen Aranak, baina atzerapenak izan ditzaketela.

Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko arduradun Amaia Elizondok, bere aldetik, Zarauztarrako kideen lana eskertu zuen. Baita Zarautzi berari ere, «herria oso konprometituta dagoelako kirol egokituarekin, txirrindularitzan ez ezik, eskola kirolean ere bai».