Txirrindulari Txikien Eguna ospatuko dute larunbatean

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 15a, 09:00
Iazko Txirrindulari Txikien Eguna (Aritz Mutiozabal).

Mugikortasun Astearen barruko lehen ekitaldia izango da, eta datorren astean mugikortasun segurua lantzeko hainbat saio egingo dituzte.

Aurten ere Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du Zarauzko Udalak. Hori dela eta, mugikortasun segurua lantzeko hainbat ekitaldi izango dira datorren astean, Partekatuz urrunago; mugikortasun garbia, partekatua eta adimendua lelopean.

"Mugitzeko garaian garraiobide partekatuak, jasangarritasun aldetik dakartzan onurak azpimarratzeaz gain, eredu aldaketa emateko garaian ezinbestekoa da hainbat erakunde eta gizabanakoren norabide, baliabide, asmo eta indar partekatua. Helburu horrekin antolatu dugu Mugikortasun Astea", jakinarazi du Mugikortasun eta Udaltzain zinegotzi Maite Garrastazuk.

Hona hemen antolatu dituzten ekitaldiak:

  • Bihar, hilaren 16an, XVIII. Txirrindulari Txikien Eguna izango da, udalak eta Zarauzko Zikloturista Elkarteak elkarlanean antolatuta. 6-14 urte bitartekoei dago zuzenduta. 11:00etan irtengo dira parte hartzaileak Lizardi institutu paretik eta itsas pasealekuan amaituko dute hiru kilometroko ibilaldia, Galtxagorri parean. Gogoratu dute ez dela lasterketa bat izango, kaskoa eramatea derrigorrezkoa dela eta hamaiketakoa emango dietela parte hartzaileei. Zozketak ere izango dira.

  • Astelehenean, hilaren 18an, berriz,  haurdun daudenentzat mugikortasun segururako gomendioak emango dituzte udaltzainek zein osasun zentroko emaginek erditze aurreko taldeetan.

  • Asteartean, hilaren 19an, istripuak aurreikusteko jokabide seguruak azalduko dizkiete herritarrei, Trafiko Zuzendaritzak bultzatutako Seguru baietz kanpainaren barruan. Kamioia Lege Zaharren enparantzan egongo da, 17:00etatik 19:00etara.

  • Ostegunean, irailaren 21ean, Txirrindularitza errepidean. Motordun ibilgailuak eta txirrindulariak errepidea segurtasunez partekatzea posible da? tailerra eskainiko dute, 19:00etan, kiroldegiko ekitaldi aretoan.

  • Ostiralean, hilaren 22an, Nire Autorik Gabeko Eguna ospatuko da, eta mugikortasun iraunkorra bultzatzeko helburuarekin, herribusa doakoa izango da egun osoan. "Erabiltzaile ugari ditu Zarauzko herribusak gaur egun. Herritik ibiltzeko autobusa hartzen duten lagun kopurua gorantz doa urtetik urtera eta hala jarraitzea nahi dugu", nabarmendu du Garrastazuk.

  • Zarauzko Udaltzaingoak bide heziketako saioak eskaintzen ditu urtean zehar DBH1 eta DBH2ko ikasleekin (12-14 urte) eta LH4 eta LH6ko ikasleekin (10-12 urte), eta egiten duten lana azaltzen duten bideo bat egin dute. Mugikortasun Astean Erlo Telebistan iemango dute.