Euskal Kopako lehia abiatuko du Ulaciak asteburuan

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 15a, 10:35
Ulacia taldeko jokalariak (ZAST).

Txapelketako lehen bi norgehiagoka jokatuko ditu gizonezkoen saskibaloi taldeak; larunbatean, Aritzbatalden, eta igandean, Donostian.

EBA ligako Euskal Kopari etxean ekingo dio Ulacia taldeak, Mondragon Unibertsitatearen aurka. Ligako aurkari zuzena izan ohi da Arrasateko taldea, eta partida gogorra aurreikusten dute zarauztarrek. Norgehiagoka larunbatean izango da, 16:30ean hasita. Hurrengo egunean, igandean, Donostiako Gaska kiroldegian jokatuko dute bigarren partida, 12:00etan, Easoren kontra. Partida gogorra hori ere, donostiarrak ligako goiko postuetan ibiltzen direla kontuan izanda.

Ulaciako entrenatzaile Iñaki Jimenezek espero du Euskal Kopak ligarako prestatzeko balio izatea. Ligako talde kopuruaren aldaketa dela eta, hasierako egutegia nahiko gogorra izango du taldeak; izan ere, lehen astean hiru partida jokatu beharko ditu. Euskal Kopako partidak prestaketa gisa hartuko badituzte ere, lehiakor jokatu nahi dute, batik bat ligako beste taldeen parean beren maila zein den ikusteko.