Hazten doa Zarauzko Kids & Us

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 18a, 08:00

Txiki geratu zaie Zarauzko Kids & Us akademian orain arteko eskola, eta bigarren zentroa zabalduko dute San Frantzisko kalean, gazteei eta nerabeei zuzendutakoa.

Haurrek ingelesa «modu naturalean» ikastea du helburu Kids & Us ingeles akademiak, eta horretarako haurrek ama hizkuntza ikasteko duten prozesu bera jarraitzen dute, beren metodologia propioarekin. Zarautzen duela bost urte zabaldu zuten Kids & Us zentroa, Salbide kaleko 1 zenbakian, eta ordutik 600 haur baino gehiagok egin dute bat ingelesa ikasteko metodo berritzailearekin. Eta ikasle horiek hazten doazen heinean, zentroa bera ere handitzen ari da. Izan ere, Zarautzen, San Frantzisko 11 zenbakian, bigarren eskola zabalduko dute datorren ikasturterako, nerabeei eta gazteei zuzendutakoa. Metodologia bera jarraituz, garai berri bat hasiko dute ikasleek eskola berrian.

Urtebetetik hamar urte bitarterako umeei zuzendutako zentroa da Salbidekoa. Haiei zuzendutako estetika du eskolak, eta hizkera eta ulermena lantzen dituzte bertan. Haientzako irekita mantenduko dute aurrerantzean ere zentro hori, eta berrian 8 urtetik aurrerakoek jasoko dituzte eskolak. Zarauzko Kids & Us-eko koordinatzaile Erika Rodriguezek azpimarratu du Zarauzko Kids & Us akademiaren funtzioa ez dela eskolako ingeleseko etxerako lanekin laguntzea; haien helburu nagusia da umetatik hizkuntza ikastea. Hori gutxi ez, eta First Certificate, Advance eta Proficiency ingelesez titulazioak ateratzeko prestatzen dituzte gazteak.

Rodriguezek jakinarazi du orain arteko ikasleak izango direla zentro berrian hasiko diren gehienak, ingelesa ikasteko prozesuan jarraitu dezaten. Dena den, orain arte akademian ibili ez direnek ere izango dute izena emateko aukera. Kasu horretan, Kids & Us-ek prestatutako metodologiaren bidez zer ingeles maila duten jakiteko testa egingo diete lehendabizi ikasle berriei.

Metodologia propioarekin hizkuntza modu naturalean eta sinplean ikastea da eskolaren helburua. Horretarako, ama hizkuntza ikasterako orduan jarraitzen den prozesua aintzat hartzen dute: «Jaiotzen garenean, lehenengo entzun egiten dugu, eta entzuten duguna ulertzen hasten gara gero. Hitz egiten ondoren, eta denborarekin idazten eta irakurtzen hasten gara; ez dugu egiten lehenago», dio Rodriguezek. Ingelesa ikasterakoan, ordea, oro har, aurkako prozesua jarraitzen dela gaineratu du: «Hau da, hasieratik irakurtzen eta idazten irakasten digute, baina guk ez dugu hori egiten». Horren ordez, entzumena lantzen hasten dira. Haurrak adinaren arabera banatzen dituzte, eta audio batzuen bidez ingelesa barneratzen hasten dira txikitatik. «Egunero audio bat entzuten dute, eta talde bakoitzari pertsonaia bat ezartzen diogu. Pertsonaiek umeen adin berbera dute, eta, beraz, ingelesera erakarri eta motibatu egiten ditugu. Gurasoen etxeko lan bakarra  umeei audio horiek jartzea da. Eskolan, berriz, tenstuinguruan jartzen dugu entzun duten hori. Gida bat erabiltzen dugu horretarako, eta jarduera desberdinak egiten ditugu». Rodriguezen arabera, egiten dituzten jarduera guztien atzean «egitura oso bat» dago, eta erabiltzen duten metodologia «guztiz eraginkorra» da. «Umeek eginez ikasten dute, eta egiaztatuta dago erabiltzen dugun metodologiak funtzionatzen duela».

Taldeei dagokienez, adinaren arabera banatzen dituzte, eta gehienez zortzi kideko taldeak osatzen dituzte. Hori hala, arreta pertsonalizatua jasotzen du ikasle bakoitzak, eta gurasoekin egiten duten harremana ere halakoa izaten da.

Beraiek sortutako materiala erabiltzen dute beti, eta aldiro edukiak gainbegiratzen eta eguneratzen dituzte. Horrez gain, «formakuntza zabala» dute irakasleek, eta kalitatea bermatzeko jarraipena egiten diete haiei. Eskoletan, gainera, une oro ingelesez hitz egiten diete ikasleei. Ikasturtean zehar hiru txosten egiten dizkiete, eta kalifikatu egiten dituzte. Tutoretza saioak ere badituzte gurasoekin.

Zarauzko bi zentroetan hilaren 18an hasiko dute ikasturte berria, eta matrikulazio kanpaina abian dute. Informazio gehiago nahi duenak edo izena eman nahi duenak Salbideko zentrora jo dezake. Era berean, 638 52 79 49 telefonora deitu edo zarautz@kidsandus.es helbidera idatzi dezakete.