Itxasmendi auzoko Indamendi kalea asfaltatzeko lanei ekingo diete datorren astelehenean, irailaren 18an. Udalak jakinarazi duenez, lau fasetan egingo dituzte obrak, eta eguraldi txarrak luzatu egin dezakeela lanak bukatzeko epea. Obrek auzoko aparkalekuetan eta trafikoan eragingo dutenez, sarbide alternatiboak ezarriko dira eta Itxasmendiko atletismo pista aparkaleku gisa zabalduko da. Garajeei ere eragingo diete obrek, eta ezingo da horietara sartu edo bertatik atera. Udalak espero du irailaren 23rako auzoa normaltasunera itzultzea.
Aurten 235.345 euro (BEZ barne) bideratu ditu udalak Asfaltatze Planera, eta Excavaciones y Transportes Orsa S.L. enpresa ari da obrak horiek egiten. Obra Txikien zinegotzi Iban San Martinen hitzetan, "zarauztarren bizitza kalitatea hobetzen joatea da gure helburu nagusia. Horretarako, gure auzoen beharrak jaso eta kaleak hobetzen jarraituko dugu". Zinegotziak barkamena eskatu du obrek sor ditzaketen eragozpenengatik, eta emaitza "guztion mesederako" izango dela iritzi dio.