Sormenerako eta kultur hedapenerako diru laguntza deialdia egin du Gazteria Sailak

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 19a, 17:39

Irailaren 29ra arte aurkeztu daitezke eskaera orriak HAZen.

Sormenerako eta kultur hedapenererako diru laguntza eskatzeko urteko bigarren deialdia egin du Zarauzko Udaleko Gazteria Sailak. 14-30 urte bitarteko gazte zarauztarrei zuzenduta dago, eta aurten egindako edo egingo diren proiektuak laguntzea du helburu; besteak beste, maketak, diskoak, aldizkariak, komikiak, emanaldiak, erakusketak, dantzaldiak, antzezlanak eta bideo proiektuak.

Interesa dutenek irailaren 29a bitartean aurkeztu beharko dituzte eskaera orriak Herritarren Arrera Zerbitzuan (Etxezabala - Kale Nagusia 29). Informazio gehiago nahi duenak Gazteria Sailarekin har daiteke harremanetan, 943-00 51 22 telefono zenbakira deituz edo gazteri@zarautz.eus helbidera idatziz.

Gazteria zinegotzi Jon Andoni Urdangarinek nabarmendu duenez, “sarritan ideia eta egitasmo zoragarriak bururatzen zaizkigu, baina horiek aurrera eramatea ez da bideragarria izaten, laguntza edota diru falta dugulako". Hala, diru laguntzok herriko gazteen ideiak "egi bilakatzeko aukera paregabea" dela uste du.