Arraun surf txapelketa jokatuko da urriaren 7an

UK Hitza - Karkara 2017ko ira. 20a, 09:00
Iazko arraun surf proba, Zarautzen (Aiora LarraƱaga Solaberrieta).

Euskal Herriko Arraun Surf Zirkuituko proba puntuagarria izango da.

Euskal Herriko Surf Federazioak (EHSF) eta Gipuzkoako Surf Federazioak (GSF) arraun surf probak  antolatu dituzte Zarautzen eta Orion, urriaren 7rako. Arraun surfean bi eratako lehiaketak izaten dira: ohiko surf txapelketetan bezala, olatu artean maniobrak egiten lehiatzen dira batzuk; eta ibai edo itsaso zabalean estropada estiloan besteak.

Zarauzkoa Euskal Herriko SUP Zirkuituko proba puntuagarria izango da, eta itsaso zabalean taularen gainean arraunean egingo dute parte hartzaileek. Orioko kasuan, Gipuzkoako Arraun Surf Txapelketa eta Euskal Herriko SUP Zirkuituko proba izango da, eta Oria ibaian jokatuko da. Azken horretan, 80 parte hartzailetik gora espero dituzte ibaian gora eta behera arraunean. Antolatzaileek zehaztu dute parte hartu nahi dutenek urriaren 6a baino lehenago eman behar dutela izena. Sariak emakumezkoentzat zein gizonezkoentzat berdinak izango dira.

Txapelketa ofizialaz gain, estropada herrikoia ere antolatu dute Orion, presiorik gabe arraun surfa egin nahi dutenentzat. Kasu honetan, txapelketa egunean bertan eman dezakete izena.


Kultur jarduerak

Gipuzkoako Surf Federazioko zuzendaritza berriak  Feder-arte Kultur Surf programa jarri zuen martxan duela hilabete batzuk. Ekimen horrekin, surfa kulturarekin uztartu nahi dute, kirol gisa indartzeaz gain. Ekainean Zarauzko munduko surf txapelketan egin zuten bezala, hainbat jarduera antolatuko dituzte Orioko arraun surf lehiaketarako, eta herriko eragileak eta norbanakoak antolaketa lanetan parte hartzen ari dira: arraun surflari aizkolaria erakustaldia, arraun surf egokituko saioa, skate saioa, surf filmen proiekzioa eta kontzertuak Etxeluze Gaztetxean eta Kalefitekin kirol saioa izango dira, besteak beste.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, hilaren amaieran emango dute argitara urriaren 7ko egitarau osoa, Arraunetxen eskainiko duten aurkezpen ekitaldian.