"Gogotsu nator eta harrobia lantzeko erronkarekin"

Izaskun Urbieta 2017ko ira. 20a, 18:41
Xabier Zulaika Zumaian (Izaskun Urbieta).

Aski ezaguna da arraun munduan Xabier Zulaika (Deba, 1969) arraunlaria. Ez ditu alferrik egin 30 urte tostartean; Zarautzen ekin zion, gainera. Orain, baina, beste ikuspuntu batetik jarraituko du arrauna: Zumaiako Telmo Deunen entrenatzaile postutik.

Urdaibairekin seigarren liga irabazi berri duzu.
Igandean oso gustura amaitu genuen. Liga lortzeaz gain, denboraldia beste bandera batekin amaitu genuen, eta oso pozik nago. Azkenean, urte hau nahiko gogorra izan da niretzat. Adinean gora noa, eta pixkanaka arrauna uzteko garaia heltzen ari dela sumatzen nuen. Ikusten nuen nire eginkizuna Urdaibain amaitzen ari zela, eta entrenatzaile izateko aukera etorri zait. Oso pozik nago eta ilusio handiarekin eta lan egiteko gogoz nator Zumaiara.

48 urte dituzu. Adina mugarria izan da Urdaibai uzteko?
Adinak beti pisatzen du, nahi edo ez. Ikusten duzu poliki-poliki ez dutela zurekin hainbeste kontatzen, eta titular den edozein kirolariri gertatzen zaion moduan, kostatu egiten da egoera hori onartzea. Ez dut esango denboraldi honetan sufritzen egon naizenik, baina pixkanaka lekuz kanpo bezala sentitzen hasten zara. Azkenean, Urdaibai uzteko erabakia ere hortik etorri da pixka bat.

Entrenatzaile izateko aukera nola sortu zaizu?
Zumaiarekin lehenengo harremana duela hiruzpalau urte izan nuen. Klubetik deitu zidaten eta entrenatzaile postua eskaini zidaten. Baina orduan ez nuen nire burua entrenatzaile bezala ikusten edo behintzat ez nuen buruan hori. Nire gorputzak oraindik arraunlari izateko eta estropada gehiago irabazteko gogoarekin zegoela esaten zidan. Ongi sentitzen nintzen, eta Urdaibain jarraitzeko gogoz.

Aurten berriro egin dizue entrenatzaile izateko eskaintza.
Hala da, eta orain bai, nire burua kapaz ikusten dut entrenatzaile  jarduteko. Gogotsu nator, eta, gainera, klubak jarri didan erronka gustatzen zait. Erronka hori harrobia lantzea da. Betidanik gustatu izan zait gazte jendearekin lan egitea, eta, gainera, gazteen artean ongi moldatu naiz. Horrez gain, asko gustatzen zait jendeari irakastea eta hori dut buruan: nire ibilbidean hartu ditudan esperientzia eta izan ditudan ilusio guztiak gazteei transmititzea. Hori da Zumaian lortu nahi dudana.

Palmares handiko arraunlaria zara. Ligez gain, Kontxako bost bandera dituzu.
Bai, baina talde txikietan hasitakoa naiz. 18 urterekin Zarautzen hasi nintzen, hori izan zen nire lehendabiziko taldea. Gero, etorri nintzen Zumaiara eta egia da arraunlari moduan hemen osatu naizela. 90ean etorri eta lau bat urtez egon nintzen Zumaian. Gero, talde askotan gertatzen den moduan, jendea uzten joaten da. Hori dela eta, anaia eta biok Ondarroara joan ginen.

Elkarrizketa osorik irakurtzeko: Urola Kostako Hitza