Ez da ohikoa Gaztelun kontzertua antolatzea. Tokia ere berezia da, elizpea aukeratu baitute. Eta emankizuna bera ere badu kuriosotik. Lou Topet izango da bihar Gazteluko elizpean eta euren azken lana, Pete Seeger gogoan, eskainiko dute. Diskoaren bira bukatzear dira zarauztarrak. Gaztelukoa eta gero Bilbon izango dira eta azken kontzertua Donostiako Victoria Eugenian eskainiko dute abenduaren 27an. Seegerren doinuak itzuliko dira Victoria Eugeniara beraz, kantari estatubatuarraren emanaldi ezaguna eta 46 urte beranduago. Ez Dok Amairuk gonbidatuta egon zen Seeger Donostian eta kantaldi historikoa izan zen, poliziak antzokia inguratzen zuen bitartean eskaini baitzuen.
Zergatik Pete Seeger?
Pete Seeger gure musika imajinarioan oso presente egon da beti. Musika gure gustuen arabera egiten dugu, eta hortik atera zen 2015ean argitaratutako Abesti bat gutxiago diskoa. Harkaitz Cano idazlearekin batera bertsioei buruzko hausnarketa moduko bat egin genuen AEBetako folketik abiatuta. Entzuten eta gustuko ditugun taldeen abestiak itzuli eta bertsioak egin genituen disko-liburu hartan. Lan horrek biltzen du zergatik erabaki genuen euskaraz abestu behar genuela eta ez ingelesez, zer den bertsio bat egitea... Bertsio bat egitea guretzat, etxebizitza bat okupatzea bezalakoa da, etxebizitza bat zeure egitea bezalakoa. Abesti hori zeure egitea da guretzat bertsio bat egitea. Abestiak hartu eta egiten zein desegiten aritu gara. Abesti bat gutxiagon Pete Seegerren abesti bat sartu genuen.
Eta Bilboko Loraldia iritsi zen...
Loraldia jaialdiak abesti horretatik eta bertsioen inguruko hausnarketatik abiatuta, Pete Seegerren inguruan omenaldi-kontzertu bat egitea proposatu zigun. Gonbita aukera bat bezala hartu genuen; Pete Seegerri omenaldia egin eta bide batez, Abesti bat gutxiago disko-liburuaren epilogo moduko bat egiteko. Hamabost abesti moldatu ditugu Pete Seeger gogoan lanerako, abestiak itzuli eta moldatu ditugu eta disko hartako jarraipen modukoa dela esan daiteke. Azken bi urte hauetan bertsioen inguruko hausnarketan ari gara. Interesgarria iruditzen zaigu. Bertsioak estigmatizatu izan dira gurean, berbenekin lotu izan dira, originaltasun faltarekin... Bertsioak oso originalak izan daitezkeela aldarrikatzen dugu. Omenaldi moduko bat ere izan daiteke horiek hartu eta euskarara ekartzea. Bizi berri bat ematea ere bada bertsio bat egitea.