Eskola Kirolaren Festa ospatuko dute larunbatean

kudeatzailea 2017ko ira. 21a, 16:12
Eskola kiroleko futbol partida bat, hondartzan (Aritz Mutiozabal).

Herriko zortzi gunetan hainbat kirol lantzeko parada izango dute ikasleek kirol elkarteen laguntzarekin

Aia, Orio, Getaria eta Zarauzko ikastetxeetako kirol koordinatzaileek osatutako Eskola Kirola Mahaiak Eskola Kirolaren Festa antolatu du larunbaterako Zarautzen, aipatu herrietako ikastetxeen, udalen eta hainbat kirol elkarteen nahiz EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformaren babesarekin. Eskola kirola bultzatzea du helburu jaiak, baina baita ikasturte osoan izaten duen parte hartze handia eta boluntarioen lana herriari erakustea ere. Gainera, eskola kirolaren 25.urteurrena ospatzeko baliatuko dute ekimena.

Musika plazan egingo dute festaren hasierako ekitaldia, 11:00etan, ikastetxeetako ikasleekin. Ondoren, bi txandatan banatuta, asteburuetan praktikatzen dituzten kirol motekin gozatzeko parada izango dute, herri osoan atondu dituzte zortzi gunetan. Lehenengo txandakoak 11:15ean hasiko dira kirol jarduerekin, eta bigarren txandakoak, berriz, 12:15ean.


Gunez gune

Kirol mota jakin bat edo batzuk landuko dituzte gune bakoitzean, kirol elkarte ezberdinen gidaritzapean.

  1. Lehen gunea Musika plazan izango da, eta Zarauzko Arraun Elkartekoak izango dira LH 5-6 mailako neska-mutilekin.

  2. Frontoi Txikian, bigarren gunean, Orioko Bate Bizkorrak taldekoek sofbolean jokatuko dute LH 6 mailakoekin.

  3. Villa Manuelako frontoian, hirugarren gunean, LH 5-6 mailakoek esku pilota ariko dira ZKE pilota sailekoek zuzenduta.

  4. Amatxilili plazan, laugarren gunean, Bola Kontrola Taldearekin tenisean trebatzeko parada izango dute LH 3-4koek.

  5. Munoa plazan, bosgarren gunean, Gipuzkoako Kirol Egokituko Federazioko kideak saskibaloi egokituan ariko dira LH 5-6 mailakoekin.

  6. Malekoian–Dama inguruan–, seigarren gunean, ZKE irristaketa sailekoak izango dira LH4ko haurrekin.

  7. Hondartza izango da zazpigarrena, eta hiru gunetan banatuko da: LH 3koak futbolean, Muskaria aurrean; LH 5-6koak eskubaloian, Gurutze Gorriaren parean; eta LH 3koan errugbian, Munoa aurrean.

  8. Zortzigarren eta azken gunea skate parkea izango da, eta bertan Zarauzko Surf Elkartekoekin  surfa praktikatzeko aukera izango dute LH5-6koek. 

Gune batetik bestera lasterka joango dira, Antoniano Kirol Elkarteko kideek lagunduta, atletismoa landuz. Kirol jarduerak amaitu ondoren, parte hartzaile guztientzat hamaiketako eskainiko dute antolatzaileek Musika plazan, eta  13:30ean festaren amaiera ekitaldia egingo dute.

«12-16 urte arteko etapa ere bada eskola kirola»

EKAP Eskola Kirolaren Aldeko Plataformak bat egin du Eskola Kirolaren Festarekin. Bide batez, aldarrikatu nahi izan dute 12-16 urte arteko etapa ere badela eskola kirola, eta EKAP bezala hori bultzatu nahi dutela. «Askotan LHko haurrengana mugatzen dugu eskola kirola, 8-12 urte bitartera, baina 16 urte bitarteko asko daude federatu gabe kirola lantzen duenak, eta horren inguruan ere hausnartu beharko litzateke».

Bestalde, beharrezkotzat jotzen dute Zarauzko kirol eragile guztien mahai bat sortzea, udala, ikastetxeak eta kirol elkarte guztiak bilduko lituzkeena, «elkarrekin ildo eta helburu bersuetan herriko kirol jarduerei aurre egiteko».