«Alternatibak eraiki ahal dira»

Nerea Uranga 2017ko ira. 22a, 10:47
Torreoia Bizirik taldearen iazko ekitaldia (Hitza)

Torreoia Bizirik dinamikak biharko egun osoko egitaraua prestatu du Vista Alegre auzoko Torreoian. ‘Auzolanean alternatibak eraikiz’ lelo hartuta osatu dute ekitaldi multzoa.

Torreoia Bizirik dinamikaren ardatza auzolana da. Zarauzko Vista Alegreko eraikina biziberritzeko helburuz sortu zuten mugimendua. «Torreoia eraikina aipatzen da, baina eraikinak ez du bizirik,  inguruan mugimendu bat behar du. Giza mugimendurik gabe Torreoiak ez dauka zer esanik», azpimarratu du Gorka Silvan Torreoia Bizirik eragileko kideak.

Auzolana dute ardatz, eta ahal duten neurrian, autogestioa eta autonomia oinarri. «Hala ere, herriko beste eragileekiko elkarlana badugu, eta, gainera, hori bultzatzen dugu». Dinamikan Vista Alegre auzoan bizi direnek parte hartzen dute orokorrean, baina auzoan bizi ez diren herritarrak ere ibiltzen dira. «Torreoia Bizirik ez da auzo elkarte bat, edozeinek parte hartu eta proposatu dezake, irekia da», azaldu du Silvanek.

Sorreratik askotariko ekitaldiak antolatu dituzte Torreoiaren inguruan: yoga saioak, ardi txakur txapelketak, haurrentzako ekintzak, bazkariak... Biharko, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute Torreoian, Auzolanean alternatibak eraikiz lelo hartuta.

Goiz parterako, 10:30ean hasita, hiru hitzaldi antolatu dituzte. Errekaleor Gasteizko auzoa askearen, Oarsoaldeko Labore kontsumo kooperatibaren eta Lurralde Askea dinamika desobedientearen ingurukoak izango dira solasaldiak. «Errekaleorrekoek nola hasi ziren eta beren proiektua zertan bilakatu den esango digute. Horrez gain, gaur egun egitasmoa zein egoeratan dagoen ere azalduko dute».

Errekaleor auzokoez gainera, Oarsoaldeko Labore kontsumo kooperatibakoek ere hitz egingo dute bihar Torreoian. «Labore duela urtebete inguru-edo jarri zuten martxan, eta 500 bazkide ditu. Oiartzunen duten lokalean bertakoak  eta ekologikoak diren produktuak saltzen dituzte».

Lurralde Askea dinamikaz ere ariko dira hitzaldi sortan. «Mugimendu horrek desobedientzia zerbait eraikitzaile bezala hartzen du, eta eguneroko ohiturei aurre egiteko oinarri batzuk ditu bilduta», esan du Silvanek. «Errekaleor eta Labore badira alternatibak, dagoeneko sortu direnak, eta alternatibak eraiki ahal direla erakusten digutenak. Lurralde Askea orokorragoa da, norberarengandik hasten den borroka da».

Hitzaldiez gain, haurrentzako txokoa ere jarriko dute, beraz, biharadin guztietako herritarrentzat tokia izango dela azaldu du Torreoia Bizirikeko kideak.