Bilera egingo dute urriaren 3an Ikaslagunen ikasturte berria prestatzeko

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 28a, 08:00
Ikaslaguneko zenbait kide (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

17:00etan jarri dute hitzordua, parrokiko lokaletan. Gogoa eta gaitasuna duten irakasleak behar dituztela jakitera eman du taldeak.

Irakasle ohi batzuek Ikaslagun taldea sortu zuten iaz, Zarauzko Udalak bultzatuta, ikasketetan laguntza behar baina laguntza hori jasotzeko aukerarik ez duten haurrei zerbitzua eskaintzeko asmoz. Iazko esperientzia guztiz atsegina eta aberasgarria izan zela aitortu dute taldeko kideek, bai ikasleentzat bai boluntarioentzat, eta aurten ere ikasturte berriari ekingo diote, orain artekoari jarraipena emateko.

Zerbitzua aurrera eramateko, gogoa eta gaitasuna duten irakasleak behar dituztela jakitera eman du taldeak. «Astean behin edo bitan ordu eta erdiz haurrei eskaintzeko konpromisoa da hartzen duguna. Ez dago bestelako baldintza berezirik», nabarmendu dute. Interesatuek 943-01 34 53 telefono zenbakira deitu dezakete. Era berea, guztia prestatzeko bilera bat egingo dute urriaren 3an, datorren asteartean, 17:00etan hasita, parrokiko lokaletan.


«Lehen esperientzia, ondo»

Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 40 ikasle eta 20 bat irakasle boluntario aritu ziren aurreko ikasturtean, azarotik ekaina bitartean. «Lehen esperientzia izateko oso ondo atera da. Ikasleak eta irakasleak oso gustura aritu dira, eta gurasoek eta ikastetxeek ere eskertu dute egindakoa», nabarmendu dute.

Ikasleei arreta pertsonalizatua eskaintzen diete, etxeko lanak egiten lagunduz eta dituzten zailtasunak gainditzen saiatuz. Ikasleen «konfiantza eta autoestima indartzea» du helburu.