Ezkerretik hasita, Andrea Lopetegi, Izotz Barrio eta Usua Garin (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

Usua Garin, Izotz Barrio eta Andrea Lopetegiren Lu proiektuak irabazi du V. Daniel Txopitea Beka. Lou Olangua abeslariaren inguruko ikus-entzunezkoa sortuko dute.

«Lourdes Olangua garai hartako jendeak ezagutuko du, baina ordungoak ez direnek agian ez».   Helburu horrekin aurkeztu zuten Andrea Lopetegik, Usua Garinek eta Izotz Barriok Lu proiektua arte sorkuntzarako V. Daniel Txopitea bekara. Zortzi lanen artean, hirukotearena aukeratu du epaimahaiak. Hori dela eta, OK Korral, Las Lagartas eta Humedecidos taldeetako abeslariaren inguruko ikus-entzunezkoa osatuko dute. «Bere garaian izan zuen indarra, eta gauza asko egin zituen. Gure ustez, merezi du halako omenalditxo bat egitea. Alde batetik, ezagutzen zutenek gogoratzeko, eta, bestetik, ezagutzen ez zutenek haren ekarpenaren berri izateko», nabarmendu du Lopetegik.

Arraio irratian elkarrekin aritzeaz gain, hiru kideen artean ikus-entzunezko hainbat lan eginak dituzte aurretik. Zarauzko irratiaren urteurrenaren harira, duela urtebete zendutako Xabier Laskibar Tximas musikariaren inguruko bideo txiki bat egin dute aurten. Horren ondoren, hain justu ere, erabaki zuten Olanguaren ingurukoa egitea. «Louk agian joko gehiago eman zezakeela pentsatu genuen». Izan ere, alor asko jorratu daitezke abeslariaren inguruan, Daniel Txopitea bekaren irabazleen arabera. «Ez da musika bakarrik. Azken finean, garai hartako Euskal Herriko testuinguruak bultzatutako musika, emakume izatea, euskaraz abestea euskara jakin gabe... Tematika oso zabala da, eta hori guztia kontatu nahiko genuke», adierazi du Garinek. «Musikaren esparrua beste begi batzuetatik kontatuta», zehaztu du Lopetegik.

Hirukoak ez zuen abeslaria ezagutzeko aukerarik izan, «baina arrazoi bategatik edo besteagatik, Lou Olanguaren ibilbidearen berri jakin dugu», aditzera eman dute. Edonola ere, «bada jende ugari, Zarautzen nahiz Euskal Herrian, Lou ezagutzen ez duena», nabarmendu du Garinek. «Atzera begiratuta, pauso garrantzitsuak eman zituen, eta haren hainbat alderdi ditugu deskubritzeko».

Dokumentalak bost zati izango dituela aurreratu du Barriok: «Bata, Lou bera; bigarrena, euskara; hirugarrena, generoa; laugarrena, testuingurua, eta bosgarrena, azkenik, bere gaixotasuna». Genero ikuspegitik,  aitzindari izan zela diote hirurek; izan ere, 80ko hamarkadan punk-rock  munduan emakumeek ordezkaritza txikia izan zuten. Barriok azaldu duenez, Egin egunkariaren hamargarren urteurrena ospatzeko Bat, bi, hiru... hamar izeneko disko bilduma kaleratu zuten 1987an. Garaiko hogei rock eta punk taldek hartu zuten parte bertan, eta, horien artean, OK Korralek. «Disko horretan, OK Korraleko abeslariaz aparte, beste pare bat taldetan baino ez dira agertzen emakumeak». «Datu deigarria» dela adierazi du Barriok.

Horrez gain, euskaraz abesten zutenen artean «bakarretakoa» zela gaineratu du.  «Eta hori, berak ez zekiela euskaraz». Jarrera eta estetika aldetik ere «oso indartsua» zela dio Garinek, eta oholtza gainean zuen presentzia ere halakoa zela. Horrek ere lanerako jokoa ematen diela aitortu dute, eta horri lotuta, garaiko materialak ere bai. Arropa denda bat ere bazuen Donostiako Alde Zaharrean, «rock estetikako denda bat».


Bidelagunak

OK Korraleko kide Dani Ulazia eta Anestesiako Mikel Kazalis musikariak izango dituzte bidelagun proiektua lantzerakoan. «Erlazio estua izan zuten harekin. Ulaziak ia bizitza osoan jo zuen berekin OK Korralen, eta Kazalisek harekin jo ez bazuen ere, oso gertukoa izan zuen». Hain zuzen ere, bekara aurkeztu aurretik, Ulaziarekin harremanetan jarrita zegoen hirukotea. «Horrelako proiektu bat martxan jartzea posible izango ote litzakeen galdetu genion, eta izatekotan, ea haren babesa izango genukeen», adierazi du Garinek. Ulaziak ez ezik, Anestesiako kideak ere aurrera jarraitzeko esan zien.

Laguntzeko prestutasuna agertzeaz gain, hainbat ideia ere eman dizkiete. «Heriotzaren gaia lantzea Kazalisen ekarpena izan zen. Olangua gaixo zegoenean ere musikarekin lotura handia izan zuela adierazi zigun, eta oso garai berezia izan zela orduan bizi izan zuena», jakinarazi du Garinek. «Kazalisek kontatu zigun Olanguak oso harreman berezia izan zuela musikarekin gaixo zegoen bitartean. Beretzat oso garrantzitsua izan zela musika bukaerara arte».

Lou Olangua ezkerrean, OK Korral taldeko kideeakin.


Hori dela eta, atal hori ere gehitzea erabaki du hirukoteak. «Bukaerara arte harekin bildu zen taldearekin egon eta ea zein modutan konta dezakegun hori aztertuko dugu», dio Garinek. Lopetegik adierazi du, hala ere, musikak «momentu onak» pasarazi zizkiola Olanguari. Hain zuzen ere, haren errautsak Getaria eta Zarautz artean bota zituztenean What a wonderfull world abestia jarri zuten, The Ramones taldeak egindako Louis Amstrongen abestiaren egokitzapena.

Horrenbestez, haiek – Ulazia eta Kazalis– izango dira dokumentalaren lanketan gidatuko dituztenak; izan ere, haiek izan ziren Olangua ezagutu zutenak. «Azken finean, bizi izan ez dugun garai bat da, ezagutu ez dugun emakume bat... Horregatik, erreferentziak behar ditugu», azpimarratu du Garinek.


Elkarrizketak eta materiala

Askotariko materiala biltzekoak dira, ikus-entzunezkoa janzteko. «Olanguaren ilobak esan zigun kaxa bat baduela hainbat materialekin;  kasete zahar batzuk, eta Louk eskuz idatzitako letrak», ohartarazi du Barriok. Orain Olanguaren ilobak utzitako OK Korral eta Humedecidos taldeen kontzertu batzuetako kaseteak digitalizatzen ari dira.

Jende asko elkarrizketatu nahi dute, esparru eta arlo askotarikoak; eta batzuk lotu dituzte dagoeneko. Ulaziaz eta Kazalisenez gain, Garbiñe Ubeda eta Pablo Cabeza kazetariak, Anjel Valdes musikaria eta hainbat diskoetxetako kidea, Iñaki Brakamonte OK Korraleko kidea izandakoa, Olaguaren kuadrillakoak eta gertukoak, besteak beste. «Gauzak zainduta egin nahi ditugu, eta laguntza eskatuko dugu ahal den heinean», zehaztu dute Txopitea bekako irabazleek.

Dokumentalaz gain, bilduko duten material guztiarekin zerbait egiteko asmoa dute. «Polita izan daiteke», dio Barriok. «Izan ere, pentsatzen dut esku artean izango dugun material guztia ezingo dugula proiektuan erabili. Behin kaxetatik atera eta hautsa kendu diegula kontuan izanda, probetxua atera diezaiokegula pentsatzen dugu», gaineratu du Garinek.

Lopetegik onartu du gauza ugari egin nahi dituztela, baina «lehendabizi dokumentalean murgilduko gara buru-belarri, eta gero gerokoak».