Auzoz Auzo programa Itxasmendira itzuli da

Zarauzko Hitza 2017ko ira. 28a, 18:49
Banku berriak jarriko dituzte Itxasmendin (Zarauzko Udala).

Datozen egunotan bankuak ordezkatuko dituzte, kaleen izenen plakak aldatu, espaloiak garbitu eta lorazaintza lanak, hain zuzen ere.

Zarauzko Udalak duela bi urte jarri zuen martxan Auzoz auzo programa, herriaren garbiketa eta mantenuaren zerbitzu ezberdinak aldi berean eta modu koordinatuan lan egiteko auzo bakoitzean. Hain zuzen ere, Itxasmendi auzotik abiatu zuten programa, eta orain, asfaltatze lanak egin berritan, berriro ekingo diote bertan. Duela bi urte zakarrontziak ordezkatu, puskatutako baldosak konpondu eta jolas parkean zaharkituta zeuden gauzak konpondu eta aldatu bazituzten, datozen egunotan 41 banku ordezkatuko dituzte, zaharkituta dauden kaleen izenen plakak aldatu, espaloien garbiketa sakona egin eta behar diren lorazaintza aurrera eraman.

Obra Txikien eta Zerbitzuen zinegotzi Iban San Martinek aurreko agintaldian Itxasmendiko auzokideek pairatu zuten "utzikeria" salatu zutela gogoratu du: "Argi genuen aurreko agintaldian udalak auzoekiko zuen arreta aldatu beharra zegoela eta bereizketarik egin gabe herriko txoko guztietara iritsiko zen ekintza politika planifikatu behar zela. Itxasmendik udalak ahaztutako auzo bat izateari utzi dio". Era berean, auzora sartzeko biribilgunea, Araba kaleko bidegorri berria eta haur eskolaren ondoko aparkalekua nabarmendu ditu, Udal Gobernuak egindako lanen artean.