«Urriaren 1ean berriz iritsiko da herritarren unea»

Maria Maya Manterola 2017ko ira. 29a, 09:54
Begotxu Olaizola (Karkara.eus).

Euskal Herriko Assamblea Nacional Catalanako koordinatzailea da Begotxu Olaizola (Zarautz, 1964). Urriaren 1ean Euskal Herrian egongo da, baina gertutik jarraituko du eguna.

Zer egiteko dituzu egun hauetan?
Ez da asko aldatzen egitekoa. Atzerriko ANCren lana da prozesuaren berri ematea eta erabakitzeko eskubidearen aldeko iritzi publikoa sortzea. Aste hauek erabakigarriak dira, eta hor dago gauzatu nahi den erreferenduma. Lana areagotu egiten da, bereziki, kanpo eragileek interes handiagoa izan dezaketelako Euskal Herriak hartuko duen jarreran.

Nola bizi dituzu egun hauek?
Gogo handia dut urriaren 1erako, hainbeste landu den jarduera demokratiko hori gauzatzeko. Kezka puntu bat ere badut, Espainiako agintariek hartu duten bideagatik.

Baduzu Kataluniara joateko asmorik?
Ez, lana hemendik berdin egin dezakedala uste dut. Bizi garen lekutik bertatik sostengua eman behar diogu Kataluniak egin duen bideari, horretarako antolatutako mobilizazioetan parte hartuta.

Zer erantzun emango diote herritarrek urriaren 1ari?
Urteotan ahaldundu egin dira kataluniarrak, eta puntu honetara iritsi dira. Bozkatzeko duten eskubidea aurrera eramango dutela uste dut. Kataluniako Gobernuaren lana da hori bermatzea. Prozesu honetan beti egon dira eragile bakoitzarentzat momentuak: herritarren unea, parlamentuarena, gobernuarena... Urriaren 1ean, berriz iritsiko da herritarren unea, eta boto bidez erantzun beharko dute. Hori eragozteko beldurraren estrategia  erabili dute, baina ez du arrakastarik izan. Kontrako efektua sortu duela uste dut: Espainiako Gobernuak hartutako neurri neurrigabeen ondorioz, erreferenduma beharrezkoa dutela ohartu dira herritarrak.

Espero zenuen Espainiaren jarrera hori?
Historia eta datuak kontuan hartzen baditugu, bai. Gabezia demokratiko bat dago Espainian. Arazo politikoen aurrean beti eman dute erantzun judiziala edo poliziala, eta kasu honetan ere ez dira inteligentzia politikoa erakusten ari. Ikusten da ezin dela hitz egin bide demokratiko eta baketsuak erabiliz. Gauzak modu honetan bideratzea kaltegarria da Kataluniarentzat, baina baita Espainiarentzat ere. Kataluniako gizartea galdu dute, errespetuz eta duintasunez tratatu ez dutelako.

Nolakoa iruditu zaizu herritarren erantzuna?
Bide berri batzuk erabili dituzte herritarrek. Egun hauetan bide horri jarraitu diote, eta beldurra gainditu dute. Aurrera doaz eta garbi dute helburua. Gizarteak, alderdiek eta gobernuek helburuak eta estrategiak partekatzen dituztenean dira posible horrelako erantzunak.

Katalanek euskal herritarren babesa jaso dutela uste duzu?
Uste dut ez dugula maila eman, arrazoi ezberdinak tarteko. Batzuen jarrera eszeptikoak eragina izan du, eta gaia deserosoa izan da sektore batzuentzat. Gauza bategatik edo besteagatik, giroa hotz egon da hemen azken asteetaraino.

Nolako eguna espero duzu urriaren 1a?
Egun lasaia eta baketsua izatea eta jendeak gainontzeko hauteskundeetan bezala boza ematea gustatuko litzaidake.ANCtik, jendea botoa ematera lasai joan dadin eskatu dute. 2014ko azaroaren 9an ikusi genuen hori; egitera zihoazena zeregin arrunt bat balitz bezala joan ziren herritarrak, iritzia ematera gai baten inguruan, herritarren etorkizun politikoaren inguruan.