Euskal Kosta Krosa lasterketa jokatzeko prest

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 29a, 09:58
Euskal Kosta Krosaren aurkezpena (Zumaiako Udala).

Atzo arte 371 pertsonek zuten probarako izena emanda; gaur ere izena eman daiteke. 17:00etan hasiko da, eta Zumaia, Getaria eta Zarautz lotzen dituen kostako errepidea itxi egingo dute

Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesarekin, kostako udalen (Aia, Getaria, Orio, Zarautz eta Zumaia) eta Urola Kostako Udal Elkartearen artean antolatu duten I. Euskal Krosa jokatuko da bihar arratsaldean. Lehen edizio honek Zumaian, Beheko plazan, izango ditu irteera eta helmuga. Hala ere, datorren urtean Zarautzen antolatuko dute eta bi urte barru Getarian.

17:00etan hasiko da lasterketa, eta parte hartzaileek Zumaia eta Zarautz lotzen dituen kostako errepidean zehar maratoi erdiko distantzia (21,097 kilometro) egin beharko dute. Proba hori dela eta, N-634 errepidea trafikoari erabat itxita egongo da bihar 16:45etik 19:30era bitartean. Horrek Zumaia eta Donostia arteko autobus zerbitzu publikoan ere eragina izango du: zerbitzua Meagatik bideratuko dute. Hala ere, autobus lantzaderak jarriko dituzte Zarautz eta Getaria bitartean. Informazio guztia Lurraldebusen webgunean aurkitu daiteke.


Izen-ematea zabalik

Proban parte hartzeko izena emateko aukera gaur zabalik dago, 22:00ak bitartean Kirolprobak.com webgunean. Junior, absoluto eta beterano mailako kirolariek 20 euro ordaindu beharko dituzte lasterketan parte hartzeko eta gainontzekoek, berriz, 23 euro.

Atzo arratsalderako 371 kirolarik zuten Euskal Kosta Kroserako izena emanda. Parte hartzaile kopuruaren muga 800 pertsonetan dute jarrita antolatzaileek.

Lasterketa bukatzen aurrenak izango diren lehen sei gizonezkoek eta emakumeek sariak jasoko dituzte. Sari horien gain, kostako udalek elkarlanean antolatuta lasterketa bat izanik, herri horietako lehen emakumezkoentzako eta gizonezkoentzako sari bereziak jarriko dituzte.  

Antolatzaileek kirola eta turismoa uztartu nahi dituzte biharko probaren bidez, horregatik elkarlanean antolatu dute.

Erlazionatuak